Eloi Otxandorena doneztebarrak eta Otanok irabazi dute Iruñeko Alde Zaharreko zortzigarren erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 21a, 10:00

Ortziralean Labriten jokatutako final ikusgarrian 35-30 irabazi zieten Xanti Uterga doneztebarrari eta Garcési

Gaztetasuna nagusitu zaio beteranotasunari eta Eloi Otxandorena doneztebarrak eta Otanok irabazi dute Iruñeko Alde Zaharreko zortzigarren erremonte txapelketa. Martxoaren 18an, ortziralean, Labriten jokatutako finalean 35-30 irabazi zieten Xanti Uterga doneztebarrari eta Garcési.

Giro bikaina izan zen Labrit pilotalekuan eta sarrerarekin bildutako dirua erdibana banatu zuten SOS Ucrania eta ADANO elkarteen artean.

Finalaren hasieratik aitzinetik ibili ziren urdinak, baina gorriak irabazten 25-22 jarri zirenean, bazirudien beteranoak nagusituko zirela. Ez zen horrelakorik gertatu eta hogeita hamarnako berdinketaren ondotik, azken bortz tantuak urdinek egin zituzten, txapela eskuratzeko. Otxandorena bikain ibili zen, pilota zail aunitz kenduz Otanori. Atzelaria ere ongi ibili zen eta bien artean bikote sendoa osatu zuten.

Jaialdia ireki zuen partidan, aldiz, beteranoak erraz nagusitu ziren. Zeberio II.ak eta Ionek 35-14 irabazi zieten Aimar Jabalera doneztebarrari eta Aimar Saldias oiztarrari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun