Miren Ariztegi Agerrebere

«Liburu bat talde batekin komentatzea aberasgarria da»

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 20a, 08:00

Malerrekako Euskarazko Irakurle Taldea sortu du Doneztebeko liburutegiak eta horren berri eman digu Miren Ariztegi urroztar gazteak

Nor dugu Miren Ariztegi?

Aldaketak eta aldi berean lasaitasuna behar dituen pertsona.

Zein dira zure zaletasunak?

Mendira joatea, igeri egitea eta leitzea.

Zer ikasketa egin dituzu?

Biologia ikasi nuen Salamancan eta irakaslea naiz Txantrean.

Malerrekako euskarazko irakurle taldean zaude. Noiz sortu zen?
2021eko urri-azaro partean sortu zen. Gaztelaniazko taldea bazegoen, baina euskarazkoa falta zen, eta Marga Erdozain eta Miren Sein ibili ziren bazterrak mugitzen sortzeko.

Zenbat lagun zarete taldean?

Nahiko berria denez, kopurua ez da hagitz handia oraindik, 15 bat izanen gara. Hala ere, aitzinekoan Amets Arzallus etorri zen eta jende pila bat elkartu ginen. Gero eta gehiago izanen garela iduritzen zait.

Nola funtzionatzen du?

Liburu bat aukeratu eta lote oso bat ekartzen dute liburutegira. Parte-hartzaileok liburu bana hartu eta hilabete pare bateko tartean leitzen dugu. Gero, data bat paratzen da talde osoa idazlearekin elkartu eta leitutakoa komentatzeko. Liburuak aukeratzeko baldintza nagusia euskaraz izatea  da, eta idazlea guregana etortzeko dauden aukeren arabera. Marga eta Miren ibiltzen dira lan horretan.

Interesgarria da idazleen testigantza aditzea?

Liburua talde batekin komentatzea berez aberasgarria da, bakoitzaren perspektiba eta interpretazioa ikusteko. Idazlea guregana etortzen bada, bere asmoak zeintzuk ziren aditzen dugu eta zergatik eman nahi zion zentzu bat edo bertzea. Liburuan kontatutako istorioaz aparte, aunitzez gauza gehiago daude komentatzeko guk ez dakizkigunak, eta momentu horietan enteratzen gara.

Garrantzitsuak dira horrelako ekimenak herri ttikietan?

Herri ttikietan aukerak murrizten dira eta proposamen guziak dira ongietorriak. Aukerak zenbat eta zabalagoak, orduan eta errazago garatuko ditu bakoitzak bere zaletasunak eta gusturago sentituko da herrian.

Libururik gomendatu nahi duzu?

Hoberena izaten da pertsonaren arabera gomendatzea, baina ni markatu nautenak Herman Hesseren Demian eta Jorge Egocheagaren Quizás vivir sea esto izan dira.

Zure asmoak epe motzera?

Duten errutinaz eta lanaz disfrutatzea eta ikastea.

Eta epe luzera?

Denbora luze batez mundu osotik bidaiatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun