Miguel Mari URRUTIA

«Lasaitasun bila Euskal Herrira bueltatuko nintzateke»

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 20a, 11:00
Urrutia Mexikoko bere bulegoan. Erremontea utzi zuenetik zapata-dendetan egiten du lan.

Miguel Mari URRUTIA ESKUDERO, erremontista profesional ohia.

Erremontean momentuko atzelaririk onena izan zenak martxoan hamar urte bete ditu erremontea utzi eta Mexikora bizitzera joan zenetik. Orain dela hamarkada bateko oroitzapenez, gaur egungo martxaz eta etorkizuneko ilusioez aritu da TTIPI-TTAPArekin.

Frontoi artean hazi zen, Eratsunen lehenbizi eta Saldiasen gero. Bi herri horietan eman zituen Miguel Mari Urrutia Eskuderok (Eratsun-Saldias, 1983) lehenbiziko pilota kolpeak. Bere zaletasunak eta abilidadeak erremonte profesionalerako atea ireki zion eta hala eman zituen bederatzi urte erremonte profesionalean. Momentuko atzelaririk onena izatera ailegatu zen, baina duela hamar urte, oso bestelako bidea hartu zuen. Euskal Herria utzi eta Mexikora joan zen bizitzera, erremontea utzi, eta emaztearen familiak Mexikon duen zapata-denden negozioan lan egitera. «Aldaketa handia» izan zela aitortu du, baita hasierako hilabeteak gogorrak izan zirela ere, baina ez da damutu hartutako erabakiaz eta sorterritik urruti, Mexiko Hirian, osatu du habia. Martxoaren 4an bete ditu hamar urte Mexikon eta handik, esker onez eta nahi denerako prest, mintzatu da TTIPI-TTAPArekin. 

Nolako oroitzapenak dituzu erremontean aritu zinen urte haietaz?
Oso politak. Zorte handia izan nuen gustukoa nuen kirola egitetik bizitzeko aukera izan nuelako. Urte asko pasatu dira geroztik, baina hasiera hartan frontoiko giroaren falta sumatzen nuen, lagunekin frontoian egotea, jokatzerakoan sentitzen nuen adrenalina... Egia esan, oraindik ere, tarteka, telebistan pilota partidaren bat ikusten dudanean, orduko momentu eder haietaz oroitzen naiz.

Erabakia hartzea zaila izan zen?
Bai eta ez. Erremontearen egoera okertzen hasia zen, gero eta gutxiago irabazten hasiak ginen eta nik hilabetero konplitu beharreko konpromisoak nituen. Momentu hartan, Mexikon bizi den aitaginarrebak, Patxi Etxenike gartzaindarrak, nahi nuenean Mexikora joateko gonbita egin zidan eta azkenean, erremontea gero eta okerragora joanen zela eta hura hasiera baino ez zela ikusita, Mexikora joatea erabaki genuen. Eta asmatu genuen. 

Miguel Mari Urrutia 2005ean jantzi zuen binakako txapela eskuan.

Aldaketa handia izan zen?
Bai, hagitz handia. Hiriburuak eta inguruak kasik 25 milioi biztanle ditu. Saldiastik Iruñera joatea aldaketa izan zen, ba imajinatu Mexikora etortzea zer izan zen! Jendea pilaka karrikan, trafiko handia, soinua, bozinak, kutsadura handia, arriskuagatik kanpoan erne ibili beharra...  Hor [Euskal Herrian] edozein ordutan ibiltzen ahal zara kanpoan, atzera begiratu gabe, baina hemen erne ibili behar da. Horrez gain, trafikoa ikaragarria da hemen, eta hasiera hartan horrek estres handia sortzen zidan. Hemengo kutsadura ere handia da. Goizetan jaiki eta ez da ikusten zerua urdin. Dena grisa da. Ohitu arte, begiak gorrituak izaten nituen, mukiak kendu eta erdi beltz-marroiak, zintzurra hartua... Hemengo jendearen puntualtasun faltak ere asko haserrarazten ninduen... Aitaginarrebaren zapata-dendetan hasi nintzen lanean, eta jendea hitzorduetara ordu bat eta ordu bat erdi beranduago agertzen zen. Horrek asko estresatzen ninduen, baina gero neurria hartu nion. Jendearen puntualtasun faltagatik eztabaida asko izan ditut [irriz]. Hortaz aparte, hemen denek licenciado eta señor deitzeak atentzioa ematen zidan. Nik ez nuen lizentziaturarik estudiatu!

«Oso gogorra izan zen familia guztia hemen uztea»

Familia eta lagunak utzita joatea gogorra egin zitzaizun? 
Bai, oso gogorra izan zen familia guztia hemen uztea: bi anaiak, ama, atta, lehengusuak, lagunak... Batez ere, familia. Askotan juntatzen ginen, astebururo elkarrekin izaten ginen, eta astez, nahiz eta ni Iruñean bizi, harreman handia genuen. Pilotaren falta ere sumatzen nuen.

Baina jarri zinen... 
Lehenbiziko zortzi hilabeteetan ez nintzen jarri, kosta zitzaidan. Anabel andreak Iruñera eta erremontera, lehengo bizitzara bueltatuko ginela esaten zidan, eta nik ezetz. Gutxienez urte batez Mexikon egonen ginela hitz eman nion berari eta neure buruari, eta urtea pasatu arte hemen egon behar genuela esan nion. Hasierako hilabete haiek lanetik etxera eta etxetik lanera pasatu nituen, huraxe bihurtu zen nire errutina, beste bizimodurik gabe. Baina urtea bukatzeko lau hilabete falta zirela, palan ibiltzen ziren batzuk ezagutu nituen, Peio Txikuri, atta Zigakoa zuen Patxi Mendiburu eta beraiekin, ostegunero, hemengo klub batean palaz jokatzen hasi nintzen. Palan ibili ginen lehenbiziko egunean, klubeko jatetxean, Baztango jende asko ikusi nuen. Ostegunero horrat joaten hasi nintzen eta egoerari buelta eman nion. Nire inguruko jendea ikusiz, haiekin bazkalduz, musean ibiliz... Nire girora hurbiltzen hasi nintzen eta gero eta komodoago sentitu nintzen. 

Sorterrira etortzen zara? 
Familiarekin udaro hilabete baterako joaten gara Iruñera, urte batean sanferminetarako, eta hurrengo urtean sanferminak eta gero. Urri aldera, berriz, posible badut, bakarrik Saldiasera eta Eratsunera joaten naiz, hamar-hamabi egunetarako. Ehiza denboraldia aprobetxatuz, herrian gustura egoten naiz attarekin, lagunekin, txabolan otorduak eginez... Hemen ehizan aritzeko bizpahiru ordu egin behar dira kotxean, eta nire afizioa ez da hainbestekoa.

Zapata-dendan lanean segitzen duzu? 
Bai. Orain, gainera, proiektu berria dugu esku artean. Mexikon Columbia etxearen ordezkaritza hartu dugu eta dendak irekitzen ari gara. Ez da egoera erraza, nabaritzen da oraindik pandemian gaudela, salmentak ez daudelako oso ongi, baina arriskatu nahi izan dugu eta kontent gaude.

«Ez nuen sekula zapatari bukatuko nuenik pentsatuko»

Lana gustukoa duzu? 
Oso gustukoa. Ez nuen sekula pentsatuko zapatari bukatuko nuenik, baina gustua hartu diot. Bulegora hornitzailea etorri izan denean, kiroletako oinetakoak aukeratzen oso gustura aritu izan naiz beti. Zapatilekin maniatiko samarra izan naiz beti... Gizonezkoen zapatekin ere nonbait hor moldatu izan naiz, baina takoidun oinetakoekin nahiko lan, kosta zitzaidan jartzea. Gainera gehien saltzen diren zapatak emakumeenak dira... Eta gauza bat ikasi dut, ezin dela niri gustatzen zaidana erosi, bezero eta erosleengan pentsatu behar dela. Gaur egun, tresna asko ditugu, zein oinetako saltzen den gehien, zein modelo, zein kolore...jakiteko. Horrela errazagoa da.

Eta erremontean ibiltzen zara? 
Bi zesta ekarri nituen eta hasieran, tarteka ibiltzen nintzen. Baina pixkanaka-pixkanaka utzi eta urte bat izanen dut ari gabe. Erremonte bat hemengo jatetxe batekoei oparitu nien, eta bakarra gelditzen zait. Ez dut inor ibiltzeko. Noizbait ni erremontean eta beste bat palan ibili gara, baina oso diferentea da.

Kirola egiten segitzen duzu? 
Egunero saiatzen naiz. Gimnasioa etxe azpian dut, eta bizikletan edo lasterka, pixka bat ibiltzen saiatzen naiz. Pandemiagatik pala utzia izan dugu bolada batez, baina berriz hasi gara. 

Miguel Mari Urrutia, Anabel emaztearekin eta Mikel, Julen eta Nerea seme-alabekin.

Zure seme-alabek badute zure lehengo bizimoduaren berririk? 
Oraindik gazteak dira, zaharrenak Mikel izena du eta zazpi urte ditu, bigarrena Julen da eta bost urte ditu eta ttikienak, Nereak, laster bi urte eginen ditu. Badakite pilota asko gustatzen zaidala eta hor [Euskal Herrian] pilotan ibiltzen nintzela, batez ere zaharrenak. Etxe ondoan klub bat dugu eta larunbatero eta igandero nirekin eramaten ditut frontenisen aritzera. Eta hirurei euskaraz egiten diet beti, ez diet hitz bat bera ere egiten erdaraz. Tarteka zerbait erantzuten didate, baina dena entenditzen dute.

Nola ikusten duzu erremontea? 
Ongi. Udaro hiruzpalau aldiz Galarretara joaten saiatzen naiz. Oskar anaiak hor jokatzen du... Joan naizenetan jende dezente, giro polita eta jendea apustuak egiten ikusi dut, ez garai batean bezala, baina zapore ona utzi dit. Pilotariek meritu handia dute, ez dute sekula etsi, eta egoera hobetzen ari da. Telebista ere sartu da, partida asko transmititzen dituzte, eta horrek ere lagundu izanen du. 

Etorkizunean non ikusten duzu zeure burua? 
Segur aski Mexikon segituko dut. Enpresa hemen dugu. Proiektu berriekin ari gara eta dena ongi ateratzen bada, hemen egon behar dut. Baina hemendik urte batzuetara gustura joanen nintzateke horra bizitzera, lasaitasun bila, seme-alabei segurtasuna emateko. Horrek ez du preziorik. Udan Iruñean, eta batez ere, Eratsunen, gelditu gabe, libertate ikaragarriarekin ibiltzen dira kanpoan. Hemen, zoritxarrez, ezin dute horrela ibili. Horrexegatik bueltatuko nintzateke Euskal Herrira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun