Azken urteetan ohikoa bihurtu da Baztan eta Malerrekaren arteko laxoa desafioa. Aurtengoa hirugarren desafioa izanen dute eta zenbait berrikuntzekin antolatu du Laxoa Elkarteak. Izan ere, hiru pilota modalitate sartuko dira lehian: laxoa, laxoa motza eta paxaka. Gainera, modalitate bakoitzetik bina partida jokatuko dituzte, bat Baztanen eta bertze Malerrekan. Horrela, denetara sei partidu jokatuko dituzte datozen bi asteburutan. Aipatzekoa, laxoa motza, orain arte erakustaldietan soilik ikusteko aukera zegoela, baina oraingoan, desafio formatu honen barnean izanen da.
Asteburu honetan Oizen, Labaienen eta Erratzun
Asteburu honi dagokionez, martxoaren 12an, larunbatean 16:00etan laxoa partida jokatuko dute Oizko plazan. Martxoaren 13an, igandean 11:30ean laxoa motza jokatuko dute Labaiengo plazan eta paxaka partida 18:00etan Erratzuko frontoian.
Hurrengo asteburuan bertze hiru partidak jokatuko dituzte Iruritako errebote plazan, Legasako frontoian eta Arizkungo Lamierrita plazan. Hurrengo astean zehaztuko ditu ordutegiak Laxoa Elkarteak.
Puntuazioa
Desafioaren txapelduna aukeratzeko, laxoan erabiltzen den puntuazio sistema erabiliko dute. Hau da, partidu bakoitzean 3 puntu egonen dira jokoan. 9 – 6 eta 9 – 8 bitarteko emaitzek 2 puntu emanen dizkio irabazleari, eta puntu bakarra galtzaileari. 9 – 0 eta 9 – 5 bitarteko emaitzak, hiru puntuak irabazleari emanen dizkio. Puntuazio sistema honek modalitateko partidu guztietan berdin funtzionatuko du. Azkenik, irabazlea zein den jakiteko, sei partiduetako puntuak gehitu eta puntu gehien dauzkanak eramanen du desafioa.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!