Zubietako joaldunak eta euskara Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguneko bideoan

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 22a, 08:00

Euskarazko ahozko testigantzak biltzen dituen bideo bat argitaratu du Euskarabidea partaide duen Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareak

Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatu zen otsailaren 21ean eta Nafarroako Gobernuko Euskarabidea - Euskararen Nafarroako Institutua kide duen NPLD (Network to Promote Linguistic Diversity) Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareak, aurten bideo bat argitaratu du. Bideoak Europako hizkuntzen ahozko lekukotasunak (zehazki, atsotitzak edo esaera zaharrak) biltzen ditu, horien artean, Nafarroako euskarazko bat, Zubietako joaldunek errana.

Bideorako Nafarroako euskarazko ekarpena “Gogoko tokian, maldarik ez” erranairua da, Nafarroako euskarazko ahozko ondarean bildua eta egun ere, euskaldunek erabilia. Zubietako joaldunen ahotan agferi da erranairua bideoan. EAEko eta Nafarroako euskarazko lekukotasunez gain, Europako hizkuntza hauek ere jasotzen dira: galesa, bretoiera, Irlandako gaelikoa, mazedoniera, ladinoa, friulera, Finlandiako suediera, katalana (Kataluniakoa eta Valentziakoa), galegoa, okzitaniera, Italiako zinbriera eta Alemaniako hungariera. Bideoa esteka honetan ikus daiteke.

Euskara nafarren %9,1en ama hizkuntza; eremu euskaldunean %53,4arena

2018ko datu soziolinguistikoen arabera, Nafarroako 16 urteko eta urte gehiagoko biztanleria aintzat harturik, % 9,1ek du euskara ama edo lehen hizkuntza (% 5,8k euskara hutsa eta bertze % 3,3k gaztelaniarekin batera).

Portzentaje hori belaunaldi gazteen artean nabarmen handitzen da: 16-24 urteko gazteen % 15,1ek du euskara lehen hizkuntza (% 5ek euskara hutsa eta bertze % 10,1ek gaztelaniarekin batera).

Nafarroako hizkuntza eremuen artean, eremu euskalduna deituriko honetan dugu euskara lehen hizkuntza duten herritarren ehunekorik altuena, gure eremuan gehiengoa baitira: %53,4 (%42,2k euskara hutsa eta bertze %11,2k gaztelaniarekin batera).

Europako hizkuntzak eta gure hizkuntza aniztasunaren zaintzea

1999. urtean UNESCOk otsailaren 21a Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egun izendatu zuen. Efemeride horren bidez, batik bat, berezko hizkuntza aniztasunaren arloan ama hizkuntzek duten garrantzia azpimarratu eta gizartea horretaz ohartarazi nahi da.

NPLD (Network to Promote Linguistic Diversity), Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareak, bat egin du Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren ospatzearekin. NPLD, hizkuntza aniztasuna sustatzeko Europako sarea da, 2007an sortua eta tokiko gobernuek, gobernuetako erakundeek, gobernuz kanpoko erakundeek, unibertsitateek eta hizkuntzarekin zerikusia duten bestelako erakundeek osatua. Hizkuntza berekia ofiziala duten Estatuko erkidegoekin (Eusko Jaurlaritza, Galiziako Xunta, Kataluniako Generalitat, Valentziako Generalitat eta Balear Uharteetako Gobernua) batera, Nafarroako Gobernua ere NPLD sareko partaidea da, Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuak ordezkaturik.

2021ean, NPLD sareak antzeko ekimen bat burutu zuen Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren harira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun