Endika Barrenetxea eta Aritz Juanenea larunbatean neurtuko dira Iparlur Masters Txapelketako finalaurrekoan, eta bi erremontistek atzo banandu zuten banakako partida jokatzeko materiala. Finalean Ansa II.a izanen dute esperoan, Urrizak, min hartuta segitzen baitu eta ez du finalerdia jokatzerik izanen.
Pilotak bereizteko kantxara jauzi egin zuen lehena Endika Barrenetxea izan zen. Hiru pilota bereizi zituen, horietako bi 130 gramokoak eta bat 129 gramokoa. Juanenearen pilotak arinagoak dira, 126 gramoko bi eta 129 gramoko bat. Arinxeagoak izanagatik pilota lehorrak dira Saldiasko aurrelariak (nahiz eta binakako azken partidan atzelari aritu zen) hartutakoak, eta ez dira asko ibiltzen. Alderantziz, Barrenetxearenak pilota biziagoak dira, sakearekin dominatzen laguntzeko.
Juaneneak aipatu zuen zuen, hautaketa amaitutakoan, pozik gelditu dela eta aurkariari kalte eginen dion pilota bilatu duela, ez berari mesede gehiago eginen dion pilota bat. «Ez dut hainbeste begiratu berak bereizi duena, argi nuen asko ez doan eta lehorra den pilota bat nahi nuela, bere joko-motari kalte egiteko», aipatu zuen Juaneneak.
Uda honetan Barrenetxeak erraz irabazi zion, 2021eko Masterretan ere gainditu zuen, baina 2020ko udan Juaneneak Kutxabank txapelketan garaitu zuen orduan, orain bezala, txapeldun zen Barrenetxea. "Espero dut orduan bezala orain ere irabaztea", adierazi zuen Juaneneak.
Barrenetxeak oso gogoan zuen datu hori. "Nire zalantza handiena da zein Juanenea aurkituko dudan. Udan erraz irabazi nuena eta bere egunik onena izan ez zuena, edo normalean ikusten ez diren gauzak eginez irabazi zidana. Onena aurkituko dudala pentsatuko dut. Bere pilota handiagoak eta motelagoak iruditu zaizkit. Bere piloten azala lodiagoa da eta tamaina handiagokoak dirudite. Nire pilotak pote onekoak dira, bat da guztietan biziena".
Jaialdiko bigarrena
Masters txapelketako partida larunbatean 15:15ean Hernaniko Galarretan hasiko den jaialdiko bigarren partida izanen da. Euskal Telebistak zuzenean emanen du jaialdia. Lehenbizikoan, Ansa II.a eta Larrañaga, Josetxo Ezkurra II.a eta Azpirozen kontra ariko dira eta azkenekoan, Goikoetxea V.a eta Aizpuru III.a, Segurola eta Martirenaren kontra.