Eguneroko errutinari gustua hartuta, lanean «kontent» aritzeko eta «gozatzeko» zortea izan du Arretxeak. 23 urtez Doneztebeko San Miguel eskolako eta Mendaur institutuko administraria izan da, eta tarte horretan, ikasle kopuruekin dantzan, garraioarekin puzzleak egiten, behatzak teklatuan, eskuak paper artean, oharrak pasilloetan alde batera eta bertzera eramanez edo telefono deiei erantzunez ibili da. Orain erretiroa hartzeko tenorea ailegatu zaio Sunbillako Aldameneko bordako alabari.
Zer moduz erretiroa hartuta?
Hagitz gustura aritu naiz lanean, gozatu dut, eta pena handiarekin baina uzteko eguna ailegatu zait.
Betitik izan duzu ikasteko gogoa?
Lau senide gara, hiru ahizpa eta anaia, eta nik bakarrik ikasi nuen. Garai hartan, lanbide eskoletako zuzendariak apezak izaten ziren eta Berako Luis Aizpuru apeza baserrira agertu zen Berara ikastera joan nahi nuen galdetzeko. Nire gurasoek baietz erran zioten eta bere bitartez, Berako eskolara joan nintzen. Lanbide Heziketako 1. maila egiten bi urte pasatu nituen eta hura akitutakoan, Leitzara joan nintzen, oraingo goi mailako zikloa egitera. Bertze hiru urte pasatu nituen. Handik enpresa ikasketak egitera Iruñera joan nintzen, baina ez nintzen batere jarri hiriko girora, hagitz zaila egin zitzaidan. Gainera, ordurako, Ibardinen lanean ari nintzen, gehiegixko zen eta utzi nuen.
Tarte horretan, lana eta ikasketak uztartu zenituen?
Bai, bai. 1980an akitu nituen ikasketak, baina ez zegoen administrari aritzeko lanik. Ordurako ostalaritzan hasia nintzen. 14 urterekin Lizuniagan hasi nintzen, eta gero Ibardinen aritu nintzen, guztira hamar urte ostalaritzan.
Zergatik aukeratu zenituen administrari ikasketak?
Garai hartan horixe zen Beran zegoena...
«Lehen dena papera zen, eta orain papera desagertu da»
Tere ARRETXEA IRAIZOZ, administrari ohia
Ez zegoen aukera handiegirik...
Ez, eta gainera ez ginen aunitz ikasteko bidea hartu genuen neska baserritarrak. Nire gurasoak ikastearen aldekoak ziren, baina oroitzen naiz osaba baserrira etortzen zen aldiro attari «zer, neska hau oraindik ikasten ari duk? Gero esposatuko da eta hara hire dirua!» erraten ziola. Nire lehengusinek ez zuten ikasi.
Garbi zenuen ez zenuela ostalaritzan segitu nahi?
Ostalaritzakoa lan polita da, baina ez du deus ikustekorik. Asteburuak besta, abuztua libre... Ostalaritzan aritu nintzenean abuztuan oporrak izanen nituela erran izan balidate, zeinen kontent jarriko nintzatekeen. Gainera, garai hartan ostalaritzako lanak ez zuen ordutegirik, sartu eta lana akitzean ateratzen ginen. Edozein moduz, hasierako urteetan administrari lanean aritzen nintzen arren, ez nuen ostalaritza alde batera utzi, tarteka joaten nintzen. Haurdun gelditu nintzenean utzi nuen alde batera.
Eta nolatan hasi zinen Doneztebeko eskolan administrari lanean?
Lehenbizi, azterketa batzuk gainditu eta Donezteben mankomunitatearen bulegoan hasi nintzen, lanaldi erdian. Mankomunitateko lehenbiziko administraria izan nintzen. Gero bertze azterketa batzuk gainditu eta, Iruñean, abeltzaintzako departamentuan lan egiteko deitu zidaten. Haren ondotik, oposizioak atera nituen, eta administrarien zerrendan sartu nintzen. Euskarako titulua izateak aunitz lagundu zidan, horrek zerrenda aunitz murriztu baitzuen. Eta hala, Elizondoko Lanbide Eskolan hasi nintzen. Huraxe izan zen funtzionario bezala lan egin nuen lehenbiziko lekua. Handik Doneztebeko institutura joan nintzen, orain dela 23 urte.
Zer moduzkoa izan zen hasiera?
Doneztebeko institutuko lehenbiziko administraria izan nintzen, nire aitzinetik ez zegoen bertzerik eta hasieran dena hankaz goiti zegoen. Maria Jesus Perurena zuzendariak utzi zuenean, zuzendari berria etortzekoa zen ikastetxera, baina honek administraririk ez bazen ez zela etorriko erran zuen. Orduko ikuskariak lanaldi erdia Elizondon eta bertze erdia Donezteben egitea proposatu zidan, eta hala hasi nintzen. Urte bat pasatu nuen Elizondon eta Donezteben bietan lanean. Gero, ordea, Donezteben lanaldi osorako administrariaren lanpostua ateratzea erabaki zuten, institutuko eta eskolako administrari lanak egiteko, eta Elizondokoa utzita, egun osoz Donezteben hasi nintzen.
Zer izan da zure ardura?
Matrikulak egitea, ikasleen datuak sartzea eta ikasturte hasieran tutore bakoitzari ikasleen zerrenda, gurasoen datuekin eta telefonoarekin pasatzea, telefonoa hartu eta mezuak pasatzea, zuzendaritzakoekin egon hau edo bertzea nola egin adostea... Garraioa antolatzea ere nire ardura izan da eta sei linea izanda, konplikatu samarra da, herri batetik hainbertze heldu direlako, ondoko herritik bertze horrenbertze... Osatzea ez da erraza.
Hainbat aldaketaren lekuko izan zara...
Teknologiarena, adibidez, ikaragarria izan da. Lehen dena paperen bitartez egiten genuen, gelaz gela oharrak banatzen ibiltzen nintzen, eta bereziki pandemiaz geroztik, papera desagertu egin da eta familiekin harreman guztia posta elektroniko bidez egiten da. Hasi nintzen garaian faxa ere ikaragarrizko abantaila zen. Amari faxa zer zen esplikatzeko nik idatzi eta papera hegaka joaten zela erraten nion, telebistako iragarkian bezala. Gaur egun, faxa erabiltzea pentsaezina da. Duela bi urte bota nuen, ez zuelako deusetarako balio. Telefonoekin ere aldaketa handia izan da. Lehen denak telefono finkoak ziren, eta orain dena mugikorrak dira, lehen ikasleek bazekizkiten etxeko telefonoak eta orain ez. Lehen dena telefonoz egiten zen, eta orain, guraso aunitz posta elektronikoz zuzenean irakaslearekin jartzen dira harremanetan. Teknologiak abantaila aunitz ekarri ditu.
«Lehen gurasoak guttiago sartzen ziren eskolako kontuetan»
Tere ARRETXEA IRAIZOZ, administrari ohia
Gurasoen artean ere aldaketak sumatu dituzu?
Bai, bai. Lehen eskolako kontuetan guttiago sartzen ziren. Orain zerbait pasatzen bada, segidan hor daude. Irakasleek erraten dutenez, hemen oraindik hagitz ongi gaude, baina Iruñerrian gurasoak segidan seme-alaben alde jartzen omen dira, zer gertatu den galdetu gabe edo bertze alderdia aditu gabe. Joera hori honat etortzen ere hasia da, nabari da.
Donezteben garai batean A, B eta D ereduak izan ziren aukeran, gaur egun A eta D ereduak. Hor aldaketarik sumatu duzu?
Bai. A ereduko hiru ikasgela ezagutu izan ditut Donezteben, eta DBH ere A eredukoa izan zen. Orain A ereduko gela bakarra izaten da Lehen Hezkuntzan eta hamar bat ikasle izaten dira. Ikasturte honetan izan den ikasle kopururik handienetarikoa da, 553 ikasle, eta gehienak D ereduan dira.
Gelatik kanpo zein da joera?
Gelatik kanpo lehen baino erdara gehiago sumatzen dut. Lehen, klasetik kanpo, ia denak euskaraz aritzen ziren, orain ez. Garai batean, baserritar batzuk erdaraz ikasteko A ereduan sartzen zituzten, eta horiekin euskaraz ez zekitenek ere euskaraz ikasten zuten. Gaur egun, ez da holakorik pasatzen. Erdaraz solas egiteko joera izugarria da, eta ttikitatik nabaritzen da.
Herri ttikietatik Doneztebera bada aldea?
Herri ttikietako haurren artean guttiago sumatzen da erdara, baina lehen baino gehiago.
Doneztebekoa eskualde mailako eskola da. Zein dira zure ustez horren alde onak eta txarrak?
Nire etxea izan da eta ez diot alde txarrik ikusten. Doneztebeko eskola kontzentrazioa ireki zutenean, OHO Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko zortzigarren maila bertan egin nuen. Orduan hagitz eskola tristea iruditzen zitzaidan, baina orain, bertze aldetik begiratuta, diferentea ikusten dut. Alde txarren artean, eskola ttikietan jende guttiago izaten dela eta alde horretatik familian bezala sentitzen direla erraten ahal da. DBH egitera lehenbiziko aldiz etortzen direnean nabaritzen da, izutu egiten dira, lehenbiziko hiru hilabeteetan «hau zer da?» galdetzen dute.
«Urte politak pasatu ditut eta akabaila ere hala izan da»
Tere ARRETXEA IRAIZOZ, administrari ohia
Hainbertze urtez anekdota azkarki izanen dituzu, ez?
Beti erraten nuen gurasoek errandakoekin liburu bat egin behar nuela, baina ez dut fundamenturik egin. Oroitzen naiz, behin, atta batek, erdaraz, «aukeraketa normal egin duzue edo tonto guztiak nire semearen gelan paratu dituzue?» bota zidan. Bertze batean, irakasle batek ikaslea bete-betean harrapatu zuen txuletarekin. Lan bat entregatu behar zutenean edo kopiak nahi zituztenean, aunitzetan niregana etortzen ziren kopiak egitera, ordainduta. Nire ordenagailutik fotokopiagailu-inprimagailura bidaltzen zuten inprimatzera. Nik ez nuen ikusten zer inprimatzen zuten, eta behin, ikasle batek inprimatzera bidali zuenean, fotokopiagailuan zegoen irakasleari bere ikasgaiko txuletak agertu zitzaizkion eskuartean. Irrigarria izan zen. Horrelako anekdota aunitz pasatu dira, baina ez ditut apuntatu eta ez naiz oroitzen.
Bada bereziki gogoan gelditu zaizun momenturen bat?
Momentu tristeak ere izan dira. Urteotan irakasle bat eta hiru ikasle hil dira, eta horiek momentu gogorrak dira.
Eta onak?
DBHkoekin laugarren maila akitzen dutenean egiten den besta hagitz polita izaten da, edo Haur Hezkuntzakoek irteeraren bat dutenean izaten duten ilusioa ederra da. Momentu polit aunitz izan ditut.
Zer eman dizute Doneztebeko eskolak eta institutuak?
Maitatua eta baloratua sentitu naiz, eta hori izugarria da. Ez dute nire lana bertze batenarekin konparatzeko aukerarik izan [irriz], baina beti eskertu didate egin dudana. Urte hauetan, harreman onak eta lagun handiak egin ditut, eta haurrek eta gaztetxoek bizipoza eman didate.
Inoiz sentitu duzu hori ez zela zure tokia?
Beti gustura aritu naiz. Noizbehinka haserretzen nintzen, gurasoekin, irakasleren batekin edo bertze lankideekin... Nik ere badut nire jenioa... [irriz] Baina kontent aritu naiz.
«Pena sentitu dut eta hasieran kostako zait etxean egotea»
Tere ARRETXEA IRAIZOZ, administrari ohia
Omenaldia ere egin zizuten...
Abenduaren 31n hartu nuen erretiroa, eta 22an egin zidaten, hagitz polita izan zen. Gauden garaian ezin da gauza haundirik egin, eta gainera bezperan gelaz gela bideotxoak bidali zizkidatenez, ez nuen deus espero. Baina hagitz polita izan zen. Txistua sumatu nuen, eta kanpora ateratzeko erran zidaten. Ikasleek aurreskua dantzatu zidaten, eta lore eta opari aunitz eman zizkidaten. Hankak daldara batean sentitu nituen, baina hagitz kontent. Urte politak pasatu ditut Donezteben eta akabaila ere hagitz polita izan zen.
Ordezkoari erakusten ere egokitu zaizu...
Nire ordezkoa ilbeltzaren 10ean hasi zen, eta hasierako egun batzuetan berari erakusten aritu naiz, baina ez dut balio horretarako.
Hemendik aitzinera zein asmo dituzu?
Ez dut asmo haundirik. Mendira joatea gustatzen zait eta orain gehixeago joanen naiz, baita Sunbillara amari bisita egitera ere. Gainerakoan, loreak aunitz gustatzen zaizkit, eta pilatesera joaten segituko dut. Eskulanak egitea ere gustatuko litzaidake eta noizean behin bidaia ttiki batzuk ere egin nahiko nituzke, baina ez dut deus antolatua. Gustura egoten naiz etxean, baina nahiago dut lanera joan. Aitortu behar dut pena handia sentitu dudala eta hasieran kostako zaidala etxean egotea, gustukoa baitut eguneroko errutina. Eta ez nuke denei eskerrak eman gabe gelditu nahi: lagunei, familiari, irakasleei, zuzendaritzakoei... Eskerrak aunitz denei.