Zubietan otordu batzuk egitekoak dituzte, baina gazteen taldean sartzen direnak bakarrik egiten ahalko dituzte. 60 lagun gehienez sartzen ahalko dira estalpean, hamarko mahaiak eta ahal bada talde egonkorrekin. Taldeak eta mahaiak osatzeko aurrezerrenda bat prestatu da eta ilbeltzaren 26an akitu da bertan izena emateko epea, 50 euro ordainduta. Horren arabera, neurrian eginen dituzte erosketak. Sukaldaria, laguntzaileak eta langileak lotuxeak dituzte horretarako. Larunbatean afaria izanen dute, igandean, astelehenean eta asteartean gosaria eta bazkaria eta asteazkenean bazkaria. Modesto soinularia astelehenean eta asteartean bakarrik ariko da, baina ezin izanen da dantzatu eta estalpean ezin izanen du gazte taldekoa ez den inor sartu.
Iturenen ere neurri ttikiagoan
Ohiturari eutsiz, errege bezperan hasi ziren inauterietako ospakizunak Iturenen. Joareak jantzi eta harat-honatean ibili ziren ttikienak egunez eta gazteak gau partean. Baina, aurten bai, inauteriek segida izanen dute beraien ohiko egunetan. Inauteriak antolatzen dituen batzordeak, Nafarroako Gobernuaren aldetik eragozpenik ez dagoela ikusita, aitzinera egitea erabaki du, beti ere behar diren neurriak betez. Hala aipatu digu Jabier Bereau alkateak. «Gauza hauek egiten ahal dira, aire librean eta segurtasun neurriak betez, eta udaletik ezin dugu ezetzik erran. Foruzaingoari eskatuko diogu errepidea mozteko, joaldunak herri batetik bertzera lasai joateko». Halere, Bereauren ustez, «bertze urteetan baino ttikiagoa izanen da, gazte jendea aterako da, baina jende heldua beldurtuagoa dago eta ez du eginen». Eskala ttikiagoko inauteriak izanen direla aipatu digu alkateak, «joaldunak ere guttixeago bilduko gara, baina gainerakoan, ordutegiak eta betikoak izanen dira. Seinale bezala zerbait eginen da. Joan den urtean ez genuen egiterik izan eta gazteak batez ere ilusioz zeuden. Eta posible den bitartean eta posible den neurrian eginen dugu ospakizuna».
Aurtizko ostatua txukundu ondotik zabaldua
Elgorriagako Eva Martin Ibarrak hartu du Aurtizko Ostatua eta azken asteetan txukuntze-lanak egin ondotik, joan den larunbatean ireki zuten. Hiru eskaintzen artean berea izan da udalak aukeratutakoa eta, beraz, inauterietan estreinatuko dute joaldunek Aurtizko ostatu berritua.