‘Iratzetik paperera’ proiektuaren berri eman dute Donezteben

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 26a, 12:00
'Iratzetik paperera' proiektuan parte hartu behar duten erakunde eta ikastetxeek astearte goizean egin zuten bilera Donezteben.

Ikerketan, ezagutzaren transmisioan eta ekintzailetzaren sustapenean oinarritutako proiektua da, landa-ingurunean gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonengan eta ikasleengan eragin nahi duena

Iratzetik paperera - Del Helecho al Papel proiektua abiatu da, astearte goizean Malerreka Common Zerbitzuak mikro-kooperatibako Doneztebeko bulegoan egindako bilerarekin. Proiektu horren helburu nagusia papera eskuz fabrikatzeari buruzko ezagutza sortu eta transmititzea da, bai gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonak bai lanbide-heziketa zikloetako ikasleak ekintzailetza eta laneratzea bultzatzeko tresna gisa.

Proiektuak elkarren artean lotura duten hiru behar asebete nahi ditu: gizarte-bazterkeria jasateko landa-eremuan arriskuan dauden pertsonei prestakuntza eskaintzea, laneratzeko aukerak hobetzeko; Kantauri isurialdean iratzearen ugaritzeak sortu duen arazoa modu iraunkorrean kudeatzea; eta belaunaldien arteko eta sektoreen arteko ezagutzaren transmisioa sustatzea, lanbide zaharrak berreskuratuz eta jasangarriagoak egiteko moduak sustatuz. Hau guztia oinarri artistiko eta kulturaleko berrikuntza-metodologia ireki eta kolaboratibo baten bidez landuko da.

CIFP Don Bosco LHII (Gipuzkoa) da proiektuaren koordinatzailea, beste partaide hauekin batera: Iruñeko Salestarren Ikastetxe Politeknikoa, Malerreka Common Zerbitzuak (biak Nafarroan daude), Tecnalia Research and Innovation eta Conexiones Improbables (Vitoria-Gasteiz). Proiektu honek Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren eta Europako Gizarte Funtsaren laguntza du.

Ezagutzaren transferentzia

Parte hartzen duten erakundeek hiru alderdi landuko dituzte, eta bakoitzak arlo jakin batean duen ezagutza eta esperientzia eskainiko du. Alde batetik, nekazaritzaren eta basogintzaren ikuspegitik, iratzeari erabilera bat aurkitu nahi zaio, landare infestante honek mendian sortzen duen arazoari irtenbidea emateko. Bertzetik, iratzetik abiatuta lor daitekeen zuntz zelulosikoaren ezaugarriak aztertuko dira, ateratzen den paperaren aukerak aztertzeko. Aipatu bezala, paper hori artisau-eran eginen da. Eta, azkenik, lortutako paperen gaineko inprimaketa-teknikak aztertuko dira, baita akaberako teknikak ere, gaur egungo paperaren merkatuan txertatu daitekeen azken produktu ekonomikoa lortzeko.

Nekazaritzaren eta basogintzaren ikuspegitik iratzeari erabilera bat aurkitu nahi zaio, landare honek basoetan sortzen duen arazoari irtenbidea emateko.

Prozesuan prestakuntza-zentroetako ikasleak eta Malerreka mikro-kooperatiba sartuko dira, azken honek bazterkeria-arriskuan dauden pertsonak gizarteratzea eta laneratzea baitu helburu. Bi kasuetan ekintzailetza eta lan-merkaturako sarbidea ahalbidetuko duen prestakuntza ematea izanen da helburu.

Astearte goizean Donezteben egindako bileran, proiektua sustatzen duten erakunde guztietako kideek parte hartu zuten, eta hurrengo 15 hilabeteetan landuko den proiektu bati ekin zaio, 2023ko martxoan akituko dena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun