Bigarren urtez inauteriak bertan behera utzi dituzte Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 27a, 13:30

Bigarren urtez ez da horrelako irudirik ikusterik izango Sunbillan.

Covid-19ak eguneroko martxa aldatu izan ez balu, Sunbillako herritarrak inauteriei begira egonen lirateke dagoeneko. Bigarren urtez, ordea, ez da halakorik izanen, inauteriak antolatzeaz arduratzen diren gazteek ez ospatzea erabaki dutelako.

Gazteek oharra kaleratu dute inauteriak ez egiteko hiru arrazoi nagusiak zein diren esplikatuz.

«Kontrolik gabeko Covid kasuen gorakada» izan da gazteek inauteriak alde batera utzi izanaren arrazoietako bat. Horrekin batera, «ez baserrietan, ezta herriko etxeetan ere, eskea ez egitea erabaki dugu». Azaldu dutenez, «etxe eta baserrietako batzuek dagoeneko ezetza eman digute eta denen osasuna begiratu beharra dago».

Igandeko karrozen desfileari lotutakoa da hirugarren arrazoia. Gazteek jakinarazi dutenez, lerro hauek idazterakoan, «udalaren aldetik oraindik erantzunik ez dugula ikusita, igandeko orgen desfilea ez da eginen». Horren harira, aipatzekoa da, inauterietako desfilean jatekoa ematen duten hiru karrozak nahiko hondatuak gelditu zirela abenduko euriteen ondorioz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun