Malerrekako Ernaik deituta, hainbat gazte Makilipurdi mendian bildu ziren igandean, eta Orzorrotzeko gaztelua zegoen tokian oroigarri bat paratu zuten. «Malerrekako gazteok Makilipurdira goitu gara, baina ez gara kasualitatez data hauetan mendi honetara igo. Izan ere, duela 500 urte Gaztelako tropek mendi honetan zegoen Orzorretzeko gaztelua suntsitu eta erre zutelako gaude gaur hemen».
Gisa honetara, «500 urte eta gero zutik gaudela» aldarrikatu nahi dute: «500 urte pasatu diren honetan, herri zanpatua izaten segitzen dugu, Espainiar eta Frantziar estatuen menpe segitzen dugu, askea ez den Euskal Herri batean bizitzera kondenatu nahi gaituztelako». Ernairen hitzetan, «zapalkuntzara kondenatu nahi izan gaituzte, baina haien zoritxarreko herri hau bizirik dago, bizirik gaude. Orzorrotzeko gaztelua eraitsi zuten, baina ez zuten herri nortasuna desagertzerik izan, horregatik gaude gu hemen».
Are gehiago, «irudikatzen dugun Nafarroa askea ametsa baino gehiago» dela nabarmendu zuten atzoko agerraldian: «Guri dagokigu 500 urtetako sua bizirik mantentzea, guri dagokigu herri honen memoria eraikitzea, guri dagokigu oraina, eta guri dagokigu etorkizuna». Hori horrela, martxoaren 26an «zutik gaudela aldarrikatzeko egun osoko egitaraua» antolatuko dute: «eskualdeko gazteria aldarri independentisten bueltan biltzeko garaia delako».