Desfibriladoreak erabiltzeko ikastaroa eginen dute Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 4a, 19:00
Malerrekako hainbat herritan dagoeneko desfibriladoreak dauzkate, haien artean Donezteben.

Kurtsoa debalde izanen da, talde mugatuarekin eta otsailaren 5ean eginen dute.

Bihotzekoak gero eta ugariagoak diren gizarte honetan, desfibriladoreak paratzea «hagitz garrantzitsua» dela adierazi dute Sunbillako hainbat herritarrek. Informazioa bildu dute, aurrekontuak eskatu dituzte eta udalarekin egon dira, eta proiektua egingarria dela uste dute. Hala ere, aparatu hauek paratzeko guttieneko jende kopuru batek erabiltzen jakin behar du, eta horregatik antolatu dute desfibriladoreak erabiltzeko formazio kurtsoa.

Herriko eragile, ostatu eta komertzioekin egon dira «interesgarria» iruditzen zaielako beraiek kurtsoa egitea, baina gainerako herritarren laguntza ere eskatu dute. Ikastaroa debalde izanen da, baina talde mugatuarekin. Otsailaren 5ean eginen da eta izena emateko epea urtarrilaren 16ra arte edo bete arte egonen da zabalik. Horretarako izen-abizenak, NAN zenbakia eta telefono zenbakia bidali beharko zaie Jaliskori (626 14 95 17) edo Iontxuri (619 61 69 66).

Aitor Ibarra, Bixente Ibarra, Ander Mariezkurrena, Aritz Agesta, Maite Ibarra, Maitane Ibarra, Ion Anzizar eta Sunbillako Udalak antolatu dute ikastaroa eta adierazi dutenez, «zenbat eta jende gehiagok jakin makina nola erabili eta nola jokatu larrialdi egoera batean, hobe. Interesatuak zaudeten guztiok kontaktuan jar zaitezte gutako norbaitekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun