Elgorriagako errotan antolatu duen Malerrekako artzainei buruzko museoa inauguratu du abenduaren 29an, asteazken eguerdian Euskal Artzainak Ameriketan Elkarteak.
Ekitaldia hasteko, Miren Martin eta Maribel Makuso txistularien doinuarekin ohorezko Aurreskua dantzatu du Itsaso Estanga Otxandorenak. Ondotik, agur-solasak eskaini dituzte Nafarroako Parlamentuko presidente den Unai Hualdek, Nafarroako Gobernuko presidente ordea den Joxe Mari Aierdik, Elgorriagako alkate den Ane Otxandorenak eta Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko Laura Igantzik. Proiektuan lagundu dutenei eskerrak eman dizkiete eta artzainek Ameriketan egindako lana azpimarratu nahi izan dute. Laura Igantzik oroigarriak eman dizkiete lan hauek aitzinera egiteko bereziki lanean aritu direnei. Nafarroako Parlamentuak 40.000 euroko dirulaguntza eman dio proiektu honi, Geroa Baik aurkeztutako emendakin baten bitartez eta heldu den urterako ere dirulaguntza eskaera sartua dago. Marta Pineda andaluziarrak diseinatu du museoa eta museo ingurua.
Euskal Sheep Company, Euskal Artzainak Ameriketan Elkartearen jendaurreko aurkezpena
Euskal Artzainak Ameriketan Elkartearen kanta ere aditu da, Neli Yancik 2008an konposatutako Euskal Sheep Company, Yancik berak bertze sei emakumerekin batera artzainei gogoz kantatu dietena.
Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko presidenteak Museoaren sarreran dagoen agur kartelari estalkia kendu dio eta ‘Welcome euskal sheep camp' zioen zubiaren ondoan zegoen zinta ere moztu dute Ameriketan artzain ibilitako eta egitasmo hau gauzatzeko hainbertze lan egin dituzten Tomas Ibarra zubietararrak eta Lucio Irisarri elgorriagarrak, Xanti Hualde eta Laura Igantzi laguntzaile zituztela. Ameriketan artzain ibilitako bertze hainbat lagun hurbildu ziren Elgorriagara. Ondotik, bisita gidatua egin dute, bai errotaren museoaren barrenean, Ameriketan erabilitako tresnak, argazkiak eta ikus-entzunekoen bidez, baita atarian ere, artzainek bizitzeko erabiltzen zituzten karro-kanpoak ikusiz.
Arratsaldez, gunea txukuntzen lagundu duten Elgorriagako bizilagunei irekiko zaie museoa.
Asteburuetan irekia
Biharamunean, abenduaren 30ean, ortzegunean 10:30etik 12:30era eta 16:00etatik 18:00etara eta urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean ordutegi berarekin irekiko dituzte museoko ateak. Hortik aitzinera, momentuz asteburuetan irekiko dte eta astean zehar, horrela eskatzen duten eskolei hitzaldiak eta bisita gidatuak eskainiko zaizkie.