Arratsalde gorrixka eta ederra aukeratu zuten Doneztebeko karrika guztietan barna ibiltzeko. Auzo guztietako txikiek, aunitz konfinatuta ziren, Olentzerori eta Mari Domingiri balkoietatik edo karriketatik agurtzeko eta kantatzeko aukera izan zuten. Lau gunetan dantzak eta kantak eskainita maitasuna adierazi zieten gure bi protagonistei. Pozik joan ziren eta, gau luze baten ondorioz, baiezta dezakegu etxe guztietara opariak eramaterik izan dutela eta erabat eskertuak joan direla hainbertze txupete, karta, goxoki, esne eta galletak bueltan eraman baitituzte. Heldu den urtera arte agurtu gaituzte eta azken mezu hau helarazi digute: «Saiatuko gara magia egiten pandemia hau desagerrarazteko eta hurrengo bisitan musuak eta besarkadak zakuka ekartzeko».