Malerrekako artzainei buruzko museoa irekiko dute abenduaren 29an Elgorriagan

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 27a, 15:00

Errotan antolatu du Euskal Artzainak Ameriketan Elkarteak eta asteazken eguerdian inauguratuko dute.

Elgorriagako errotan antolatu duen Malerrekako artzainei buruzko museoa inauguratuko du abenduaren 29an, asteazken eguerdian Euskal Artzainak Ameriketan Elkarteak. 

Abenduaren 29an, asteazkenean 12:00etan eginen dute ekitaldia. Ohorezko Aurreskuaren ondotik, agur-solasak eskainiko dituzte Nafarroako Parlamentuko presidente den Unai Hualdek, Elgorriagako alkate den Ane Otxandorenak eta Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko Laura Igantzik. Proiektuan lagundu dutenei eskerrak emanen dizkiete eta Euskal Artzainak Ameriketan Elkartearen kanta ere adituko da.

Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko presidenteak Museoaren sarreran dagoen agur kartelari estalkia kenduko dio eta zinta ere moztuko dute. Ondotik, bisita gidatua eginen dute.

Aipatzekoa da Elgorriagako Balnearioak egun horretarako bere aparkalekua irekia utziko duela. Osasun egoera dela, baldintza guztiak errespetatu beharko dira ekitaldian, hau da, maskarak erabiltzea, segurtasun-distantziak mantentzea, etab…

Arratsaldez, gunea txukuntzen lagundu duten Elgorriagako bizilagunei irekiko zaie museoa.

Asteburuetan irekia

Biharamunean, abenduaren 30ean, ortzeghunean 10:30etik 12:30etara eta 16:00etatik 18:00etara eta urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean ordutegi berarekin irekiko dituzte museoko ateak. Hortik aitzinera, momentuz asteburuetan irekiko dte eta astean zehar, horrela eskatzen duten eskolei hittzaldiak eta bisita gidatuak eskainiko zaizkie.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun