Doneztebeko San Silvestre lasterketan parte hartzeko aitzinetik izena eman behar da

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 28a, 18:00

San Silvestre lasketan parte hartu behar duten nagusiek aitzinetik izena eman beharko dute.

Doneztebeko San Silvestre lasterketaren hamabosgarren edizioa antolatu du aurten Erreka elkarteak. Esklerosi Anizkoitza Nafarroa elkartearekin bat eginen dute hamabosgarren edizioa beteko duen urtezahar arratsaldeko lasterketan. Jendea ez pilatzeko, proba nagusian, aurten aitzinetik eman beharko da izena. Izen-ematea

Pasa den urteko geldialdiaren ondotik, Doneztebeko Erreka elkarteak bere bi ohiko ekitaldiekin akituko du 2021 urtea, kirola eginez, nola ez. Abenduaren 31n, goizean, Mendaurrera igoko dira mendizaleak. Hitzordua 07:30ean izanen dute autobus geltokian eta 10:30ean taldeko argazkia aterako dute tontorrean.

15. San Silvestre lasterketa, Esklerosi Anizkoitza Nafarroa elkartearekin bat eginez

Arratsaldean, berriz Doneztebeko San Silvestre lasterketaren hamabosgarren edizioa antolatu dute, proba guztiz herrikoia eta giro paregabean ospatzen dena. Aurtengo edizioa solidarioa ere izanen da eta Esklerosi Anizkoitza Nafarroa elkartearekin bat eginen du Erreka elkarteak. Elkarte hau exoeskeleto bat erosteko finantziazio bila ari da, gaixotasun hau pairatzen dutenen birgaitzean laguntzeko.

18:00etan 2008.urtean edo beranduago jaiotakoak aterako dira eta zirkuituari buelta bat emanen diote. Ondoren helduek 3,5 km laster eginen dute. Irteera eta helmuga, beti bezala, udaletxe atarian izanen da. Osasun neurriak bete beharko dira, beti ere. Jendea ez pilatzeko, proba nagusian, aurten aitzinetik eman beharko da izena. Izen-ematea

Garaileentzat sariak eta proba nagusian parte hartzen duten guztiei opari bat eta txokolate solidarioa emanen zaie. Gainera zozketak ere eginen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun