Aldabe eta Azpirozek irabazi dute binakako erremonte profesionaleko txapelketa

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 20a, 10:00
Aldabe eta Azpiroz txapeldunak eta Uterga eta Ion txapeldunordeak ortziralean Labriten, sari banaketaren ondotik, antolatzaile eta laguntzaileekin.

Ortziralean jokatutako finalean 35-33 irabazi zieten Xanti Uterga doneztebarrari eta Ioni.

E•rremonte enpresak Euskal Jai Berri Fundazioaren laguntzarekin antolatutako binakako erremonte profesionaleko txapelketaren finala jokatu zuten ortzirale arratsean Iruñeko Labrit pilotalekuan. Lehia estuaren ondotik, Aldabek eta Azpirozek 35-33 irabazi zieten Xanti Uterga doneztebarrari eta Ioni.

Jaialdiko lehen partidan, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Agirrezabalak 30-26 irabazi zieten Matxin III.ari eta Otanori. Finalaren aitzinetik, minutuko isilunea egin zuten Pablo Lekunberri zenaren omenez. Astebete lehenago hil zen erremontista ohia, 87 urterekin eta xingola beltzarekin jokatu zuten finala.

Uterga eta Ion indartsu hasi ziren, 8-1 irabaziz, baina agudo buelta eman zioten Aldabek eta Azpirozek, 1-13ko partzialarekin (9-14). Abantaila hori handitu egin zuten urdinek gainera (14-22). Atsedenaldi baten ondotik 21-23ra hurbildu ziren gorriak, baina larraundarrak ez ziren izitu eta berriz ere bortz tantuko aldea lortu zuten (21-26 eta 26-31). Azken txanpan hurbildu ziren gorriak 28-31 eta 29-31, baina 31-34koarekin, txapelketa irabazteko lau aukera zuten urdinek. Bi tanto gehiago egin zuten gorriek, 33-34ra hurbilduz, baina Utergaren hormabikoa kontrakantxara joan eta txapeldun suertatu ziren urinak.

 

Hendaian jokatutako errebantxan Uterga eta Ion nagusi izan ziren, 35-33.

 

Hendaiako errebantxan alderantziz

Larunbatean txapelketako finaleko errebantxa jokatu zuten Hendaian, Marin ospitalean ingresatuak daudenak laguntzen aritzen diren Les Deus Jumeaux elkartearen alde. Oraingoan, emaitza berbera izan zuten 35-33, baina Uterga eta Ionen alde. Hendaiako jaialdia ireki zuen partidan, Aimar Jabalera doneztebarrak eta Agirrezabalak 35-32 irabazi zieten Zeberio II.ari eta Barricarti.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun