Euriteak 2021.12.10

Uholdeetatik zortzi egunera bide segurua eskatzen dute Sunbillako Aritzeder auzoko bizilagunek

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 18a, 10:00

Aritzeder auzoko bizilagunak, bidera erortza izan zen lekuan. Beraien kabuz ireki zuten, baina orain zundaketa lanetan ari direla eta berriz itxia dago.

Urak bere bidera etortzen ari dira, baina uholdeak izan eta zortzi egunera auzora sartzeko eta auzotik ateratzeko bide segururik gabe segitzen dutela salatu dute Sunbillako Aritzeder auzoko bizilagunek. Olegi, Pixarneko borda, Xurin borda, Altxuteko borda, Anzubieta, Arrixkeneko borda eta Gartzin borda baserrieri eragin zien ortziralean izandako erortza handi batek. Hain zuzen, Arrixkeneko bordako belai zati handi eta belarra kontzeko idorpe  bat bidera erori zen, «lur Tona aunitz».

«Kontuan hartu behar da baserri hauetan adineko jende aunitz bizi garela, batzuk medikura joan behar dutenak, badira bi negozio ere, bat ahate-hazkuntzakoa eta bertzea tresneria salmentakoa eta ez dute aterabiderik», aipatu digu Olegiko Francisco Apeztegiak. Maria Josefa Bertiz emaztea, Pixarneko bordako Juana Mari Migeltorena eta Maite Bazterrika ama-alabak, Arrixkenekobordako Jose Ignacio Mikelarena eta Juana Mari Iraizoz eta Altxuteko bordako Iñaki Aranbillet izan ditugu solaskide.

«Soluziorik ez digute eman»

Erortza izan eta berehala Sunbillako udalarekin harremanean jarrita, ez zieten epe laburreko soluziorik eman. Auzotarren erranetan, «lehenik goiko aldeko bidea ikusi zuten alkateordeak eta ingeniariak, eta biharamunean egindako bileran, guk beti erabiltzen dugun ohiko bide horrek soluziorik ez zuela eta goiko bide bat moldatu, tuboa sartu eta horrela moldatu beharko ginela aipatu ziguten. Baina bide horretatik 3 kilometro egin beharrean 7 kilometro egin behar ditugu, zenbait zatitan hormigoiztatu gabe dagoen bide txar batetik, eta han ere erortzak izan dira. Zati handi bat moldatu beharko litzateke, gastu handia deusetarako nire irudiko. Gainera, gure bidea ez da goiko hori, gure bidea bertzea da. Herriguneko bideak bai, baina baserrietarakoa ez direla udalaren ardura ere aipatu ziguten». Honela, beraien kabuz, makineria ekarri eta arratsaldean behin behinekoz bidea irekitzea lortu zuten, baina oraindik egoera arriskutsuan dago: «Hormigoiztatua dago, baina hormigoiaren azpian lurra eraman du urak eta nahiko airean dago. Pasabidea jarri genuen, baina orain zundaketa lanak egiten ari dira eta berriz ere itxi egin digute».

Halabeharrez goiko bidea hartu behar izaten dute egunotan. «Arrisku handia hartzen» ari gara. Lur orotariko ibilgailuan ez bada ezin da bide horietan sartu», aipatu digute.

Egun guttiren buruan Nafarroako Gobernuko ordezkariak herrian bi aldiz izan dira, baina beraiek «abandonaturik» sentitu dira, ez baitie inork kasurik egin. «Uholdeen kalteak ikustera etorri ziren, plaza eta frontoi ingurua auzolanean garbitua ikusi zuten, baina honat ez ziren hurbildu ere eta ortzegunean Txibite bera ere hemen izan zen, 2+1 karreteraren obra hasiera handizki iragartzera. Horrek bere garrantzia du, baina gu inkomunikaturik gaude oraindik, gurean 2+1 ez noski, gurean 0x0. Ez dugu gure baserrietatik ateratzeko modu segururik. Erran bezala, adineko jendea bizi da, batzuk ehun urtera hurbiltzen ari direnak, bide horretaz behartzen dena egunero eta edozein ezbehar gertatuz gero, anbulantziarik edo suhiltzailerik ezin da hortik pasatu. Gutaz ez da inor kezkatu eta guk ere gure zergak ordaintzen ditugu, gainerako sunbildarrek eta nafarrek bezala».

Horregatik, berehala betiko bidea moldatzea eskatu dute, «orain pasatzeko moduan utzia dugu, baina urak hondatutako zati horretan hormigoi berria jarri beharko litzateke, ‘mallazo’ eta guzti, behar den bezala. Bidea kondiziotan jartzea eskatzen dugu, gaur bihar baino hobe. Badakigu denbora behar dela baina berehala hasi behar da».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun