Ligaxkako partida guztiak irabazita ailegatu dira binakako erremonte txapelketako finalera Uterga eta Ion

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 13a, 19:00

Azpiroz eta Aldabe, Ion eta Uterga ortziralean Elizondon, ligaxkako azken partidaren aitzinetik. Gorriak nagusitu ziren.

35-18 irabazi zieten ortziralean Elizondon Aldabe eta Azpirozi eta larunbateko lehia estuan Ezkurra II.ak eta Saldiasek 35-34 irabazi zieten Matxin III.ari eta Otanori.

E•remontek antolatutako binakako erremonte txapelketako ligaxkako azken jardunaldia jokatu da asteburuan Elizondon. Ortziraleko partidan Xanti Uterga doneztebarra eta Ionek erraz irabazi zieten Aldabe eta Azpirozi, 35-18. Partida bera jokatuko dute larunbatean Labriten jokatuko den finalean, baina ortziralekoak ez du balio erreferentzia bezala, Baztan pilotalekua Labrit baino puskaz luzeagoa delako.

Ortziraleko jaialdia ireki zuen jaialdian, Aimar Jabalera doneztebarrak eta Agirrezabalak 30-28 irabazi zieten Erburu eta Barricarti.

Ezkurra II.ak eta Saldiasek garaipena larunbatean

Larunbateko partidan, berriz, ligaxkako azken postua saihesteko partida gogorra jokatu zuten. Azkenean, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Aimar Saldias oiztarrak 35-34 irabazi zieten Matxin III.a eta Otanori.

Otano, Matxin III.a, Ezkurra II. eta Saldias, larunbateko partidaren ondotik. Malerrekakoak gailendu ziren tanto bakarragatik.

 

Jaialdiko lehen partidan, Zeberio II.ak eta Ionek 30-26 irabazi zieten Aldabe eta Barricarti.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun