Pilota egokituko Espainiako txapelketa jokatu dute aurten lehen aldiz, desgaitasun fisikoa (gurpildun aulkian) eta buru-desgaitasuna duten 50 pilotarik. Finalak abenduaren 12an, igande eguerdian jokatu zituzten Iruñeko Labrit pilotalekuan. Desgaitasun fisikoa duten pilotarien finalean, Aingeru Senperena (Bidania) eta Mikel Merino (Donostia) suertatu ziren txapeldun, Asier Navaridas (Sunbilla) eta Beñat Lizaso (Oiartzun) bikoteari bi jokoak irabazita (10-7 eta 10-6).
Buru-desgaitasuna duten pilotarien finalean, berriz, Zarauzko Xabier Villarrek eta Mutrikuko Eneko Sagarmendik ere bi jokoak irabazi zizkieten Zumaiako Leire Esnali eta Zestoako Jurdan Arakistaini (10-3 eta 10-6).