Eguberrietako kontzertua emanen du Mendi abesbatzak Donezteben

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 14a, 16:00

Ortziralean 20:00etan Doneztebeko elizan izanen da emanaldia.

Mendi abesbatzak, Donostiako Udalaren txistulari taldearekin batera, Eguberrietako kontzertua emanen du abenduaren 17an 20:00etan herriko elizan. Kontzertuaren lehen zatia txistulariek emanen dute bakarka eta hiru doinu interpretatuko dituzte: Marin Marais frantsesaren Le Basque eta La Biscayenne biziak, taldearen zuzendaria den Jose Ignazio Ansorenaren Eguberriko itxaropena obra sakona eta Maximo Baratasen Eguberri ezti goxoa.

Hortik aitzinera, Mendi abesbatzako kideak gehituko zaizkie txistulariei, denon artean hainbat doinu jotzeko, gehienak Eguberri ingurukoak. Tartean izanen dira Donezteben bizi den eta abesbatzaren lagun den Federico Moreno-Torroba Larregla musikariaren La Navidad ya llegó eta En el silencio de la noche oscura Gabon kantak; Andrew Lloyd Webberen Pie Jesu hunkigarria; Tomas Garbizu lezotarraren Gaur emeretzi mende bizia; edota Bartolome de Ercillaren Gaboneko afari on bat eta denontzako ezaguna den Mesias sarritan ederra.

Aurtengo kontzertuan bakarlariek protagonismo berezia hartuko dute, ohikoak diren Alicia Telletxea eta Xalbador Arriolaz gain, Ainara Mendia, Arantxa Ziganda, Goreti Anzizar eta Gorka Ordax ere bakarreko paperetan ariko baitira estreinakoz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun