Teknologia berriak dira arazo honen konponbidea; «sare sozialak, Interneta… pila bat daukagu ikasteko marketin aldetik bezero berriak erakartzeko». Eta eskualdeko merkatariek bidea hartu dute dagoeneko toptopa.shop online saltokiarekin. «Ilusioarekin hasi gara eta inbertsio bat bezala ikusten dugu, garbi dugulako hor egon behar garela. Erakusleihoa orain etxean dago».
Datuen arabera, hemendik 5-10 urtetara, denda guztien erdiak itxi beharko du. «Lan handia da eta mugitu behar gara, baina bide onean gaude eta Toptoparen eragina ikusten hasi gara». Saltzaileak zerotik hasi behar dira, «denda ireki genuenean ere bezeroak ez ziren bakarrik etorri, hor lan bat egon zen. Moldatu behar gara edo hil eginen gara, egoera zaila da, baina gure eskuetan dago».
Doneztebeko merkatari eta zerbitzu elkarteko kide da Kukuka. 2006an sortu zen elkartea eta gaur egun 49 bazkidek osatzen dute; ostatuak, estetika zentroak, arropa-dendak, kafetegiak, tailerrak… «Merkatariok banaka ez dugu inongo indarrik, indarra elkarteek dute. Beharrezkoak dira, batzen gaituzte eta helburu berdinak ditugu denok; herria egitea eta bizirik mantentzea. Lortu dugun guztia elkarteei esker lortu dugu». Denok Bat federazioarekin eta Nafarroako Gobernuarekin eraman dute aurrera Toptopa, «eta hori probestu behar dugu. Eskualdeko merkatari guztiak animatu nahi ditut Toptopan parte hartzera, inbertsio bat da eta datuek erakusten digute». Izan ere, Nafarroako biztanleriaren %75ak Internet bidez erosten du edo erosi izan du, eta joerak goiti egiten du. 2040 urterako %95ak Internetetik erosiko duela aurreikusi da.
Opariak erosteko garaian sartzear gaudela, kanpaina berezia prestatu dute Doneztebeko saltzaileek; «erosketa guztiekin txartelak banatzen ditugu sariak zuzenean lortzeko eta baita zozketetan sartzeko». Kukukan ere bezeroari zuzendutako promozioak dituzte.
«Gehien etortzen direnak aitatxi-amatxiak dira. Gure kasuan, gurasoek haurrei jostailuak erosten dizkiete, baina aitatxi-amatxiek edo osaba-izebek arropa oparitzen dute, ongi gastatutako dirua bezala ikusten baita, familiari laguntzeko modu bat». Salmenta gehiago izaten dituzte egun hauetan, baina hala ere «Internetez erostea hain da erraza… ezin dugu enpresa handiekin lehiatu. Prezioak merkeagoak dituzte, baina hori azkenean norbaitek ordaintzen du; garraioan aritzen direnak, langileak, ekoizleak… esplotatzen dituzte. Kostua berdina dugu denok, baina guk soldata duin bat nahi dugu».