Elizondoko azken jardunaldiaren faltan erabakia gelditu da E•remontek antolatutako binakako erremonte txapelketako finalean zein izanen diren

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 29a, 11:00
Lehia estua izan zuten ortziralean Ezkurra II.ak eta Saldiasek eta Aldabek eta Azpirozek, baina azken hauek irabazi zuten tanto babarragatik.

Irurtzunen bigarren jardunaldiko partida ere irabazi dute Aldabek eta Azpirozek eta Uterga eta Ionek eta bi bikota hauek izanen dira abenduaren 17ko Labriteko finalean.

Joan den asteburuan Lodosan abiatu ondotik, azaroko azken asteburuan jokatu dute Irurtzunen E•remonte Beti Euskal Jaik antolatutako binakako erremonte txapelketako finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldia. Lehen jardunaldian irabazle izan zirenak izan dira irabazle bigarrenean ere eta hortaz, abenduaren 10 eta 11n Elizondon jokatuko den finalerdietako ligaxkako hirugarren jardunaldiaren esperoan izan gabe jakina da abenduaren 17ko Labriteko finalean izanen diren bikoteak zein diren: Aldabe eta Azpiroz alde batetik eta Xanti Uterga doneztebarra eta Ion bertzetik.

Azaroaren 26an, ortziralean Irurtzungo Bi Aizpen Aldabek eta Azpirozek doi-doi, 35-34 irabazi zieten Josetxo Ezkurra II.ari eta Aimar Saldiasi. Azaroaren 27an, larunbatean Utergak eta Ionek erosoago, 35-23, irabazi zieten Matxin III.ari eta Otanori.

Utergak eta Ionek, erraz irabazi zioten larunbatean Otano eta Matxin III.ari eta finalean izanen dira.

 

Finalerdietako azkena Elizondon abenduaren 10ean eta 11n eta finala Labriten abenduaren 17an

Finalerdietako ligaxkako azken jardunaldia abenduaren 10 eta 11n jokatuko dute Elizondon. Dagoeneko deus ez dute jokoan izanen, baina ortziralean 19:00etan hasita, Uterga eta Ion, Aldabe eta Azpirozen kontra ariko dira (finalean errepikatuko den partida) eta larunbatean, ordu berean, Matxin III.a eta Otano, Ezkurra II.a eta Saldiasen kontra.

Finala abenduaren 17an jokatuko dute Iruñeko Labrit pilotalekuan, finalerdietako ligaxkako irabazleek eta bigarrenek, hau da, Xanti Utergak eta Ionek, Aldabe eta Azpirozen kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun