«Kontaezinak» dira bere zaletasunak; «zurgintza, argazkigintza, musika, ogia egitea, mendian ibiltzea, baratzezaintza, liburuak, bertsolaritza, natura ezagutzea, bizikletan ibiltzea, semeekin bidaiatzea…». Gauzak eskuz egitea eta bere kasa bizitzea gustuko du, eta horretarako aukera ematen dion lantoki du Zubietako errota.
Zubietatik Zubietara
Donostiako Zubieta auzoan sortu zen Murua. «Amak Sunbillan baserri bat hartu zuen eta egonaldiak egiten nituen bertan. Handik, Donamariako borda batera joan nintzen bizitzera bikotekide eta arrebekin. Geroago, inguruan borda baten bila aritu ginen eta Zubietako Linok bertako borden berri eman zigun. Horrela aurkitu genuen bizilekua».
Orain, Zubietako herriguneko etxe batean bizi da duela 20 urte. «Herria gustuko dut naturaren erdigunean dagoelako eta nekazaritzak eta abeltzaintzak oraindik bizirik dirautelako. Urteko sasoi guztiez gozatzen dut aspertu gabe».
Errotaria
Eskuekin lan egiteko asmoa izan du beti Muruak, eta zurgina izan nahi zuen. «Errotako arduradunak konponketak egiteko deitu ninduen, eta pixkanaka hasi nintzen bertan irina egiten eta gero bisita gidatuak. Konturatzerako urteak eta urteak pasa ditut lanbide honetan, ofizioaren xehetasun gehienak menperatu arte».
Irina antzina egiten zen bezala egiten du. Zubietako eta inguruko herritarrek artoa bildu eta ongi idortzen dute. Gero errotara eramaten dute «eta bertan harri handi batzuen bitartez xehetu edo ehotzen da, uraren energia erabiliz. Bildutako irina zetabetik pasatzen da, eta etxera bueltan eramaten dute».
Jendearen interesa pizten du errota zahar honek, eta hainbat bisitari erakartzen ditu. Erakusketa sala batean aspaldiko tresnak daude ikusgai, historia hobe ulertzeko. «Turistei deigarria egiten zaie errota benetan martxan dagoela jakitea, eta ez da arraroa bisitaren erdian norbait agertzea bere irina biltzera edo artoa ekartzera. Bizirik dagoen jarduera baten partaide izateko aukeratzat hartzen dute». Eskolako gaztetxoen bisita ere jasotzen du Muruak, «haientzat bertze mundu batean murgiltzea da, pantaila eta botoirik gabeko teknologia bat ezagutzea».
Errota bizirik dago herritarrek erabiltzen segitzen dutelako, eta horregatik saiatzen dira ahal bezain ongi lan egiten. «Irina taloak egiteko erabiltzen dutenez, ongi ehotu behar da, eta horretan saiatzen gara errotako langileak. Horrek pazientzia eta ezagutza eskatzen du, adibidez, harriak ongi pikatu behar dira. Uste dut urteen poderioz lanbidea menperatzen joan naizela, eta jendeak ere eskertzen duela arreta hori».
Musika beti bidelagun
Eskuekin lana egiteaz gain, musika ere maite du Muruak. Amaia Zubiria abeslaria izan du ama eta erreferente, musikaren munduan sartzera animatu zuena. «Betidanik izan dut kantuak ikasteko zaletasuna, eta gitarra jotzen nire kasa ikasi nuen 15 urte nituenean. Printzipioz, ez nuen jendaurrean jotzeko inolako asmorik, baina amak animatuta kantaldiak ematen hasi ginen han-hemenka». Euskal Herri osotik aritu dira, eta kanpora ere joan izan dira kantatzera.
«Artista handi baten alboan egoteak ematen dituen ikasketa guztiak ahaztezinak dira, beti ere argi izanda maila ezberdinetan gaudela. Berarengandik ikasi dut norberaren izaera beldurrik gabe garatzearen garrantzia, baita famatua izatearen alde onak eta txarrak ere.
Honez gain, ibilbide oparoa izan du musikan; «Gartxot kantariarekin, Kantuz Hi emanaldia egin genuen duela urte dezente. Ondoren Guajiroak taldea sortu nuen Txas eta Boti adiskideekin, eta EITBko Imanol Larzabalen omenezko lehiaketa irabazi genuen. Bakarka ere aritzen naiz modu xumean han-hemenka, eta nire azkeneko proiektua Euskal Kantagintzaren Harribitxiak emanaldia da». Youtuben ikusgai daude harribitxi honen zenbait ale.
Euskal musikan gaur egun «sorkuntza ugaria eta emankorra» dagoela adierazi du, baina kontsumoa, aldiz, «ez da hainbertze zabaldu, eta badirudi euskaraz egiten diren emanaldiak geroz eta baztertuagoak daudela, hizkuntza hegemonikoen mesedetan».
Etorkizunera begira, «ahal den neurrian, orain artekoari eustea da nire asmoa. Xabier Letek zioen moduan, ez dut amets haundirik…».