Joan den asteburuan Lodosan abiatu ondotik, azaroko azken asteburuan jokatuko dute Irurtzunen E•remonte Beti Euskal Jaik antolatutako binakako erremonte txapelketako finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldia. Azaroaren 26an, ortziralean 19:00etan hasita Ezkurra II.a eta Saldias, Aldabe eta Azpirozen kontra ariko dira eta azaroaren 27an, larunbatean 19:00etan hasita, Matxin III.a eta Otano, Uterga eta Ionen kontra.
Finalerdietako azkena Elizondon abenduaren 10 eta 11n eta finala Labriten abenduaren 17an
Finalerdietako ligaxkako azken jardunaldia abenduaren 10 eta 11n jokatuko dute Elizondon. Ortziralean 19:00etan hasita, Uterga eta Ion, Aldabe eta Azpirozen kontra ariko dira eta larunbatean, ordu berean, Matxin III.a eta Otano, Ezkurra II.a eta Saldiasen kontra.
Finala abenduaren 17an jokatuko dute Iruñeko Labrit pilotalekuan, finalerdietako ligaxkako irabazleek eta bigarrenek.