Bi txapel eta jautsiera bat erabaki ziren Doneztebeko ferietako herri kirol saioan

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 22a, 16:30
Patxi Mindegia bizkorrena izan zen lehen bi enborretan, baina seigarren izan zen azkenean.

Basozabalek irabazi zuen Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketa, Barberena anaiek Nafarroako arpana txapelketa eta Oier Kañamaresek segituko du Nafarroako aizkolarien lehen mailan

Doneztebeko ferietako herri kirol jaialdian Euskal Herriko hirugarren mailako aizkolari txapelketa eta Nafarroako gizonezkoen arpana txapelketa erabaki ziren, baita Nafarroako aizkolarien artean, lehen mailatik bigarrenera jautsiko denaren izena ere.

Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketako finalean Jokin Urretabizkaia ‘Basozabalal’ erraz gailendu zen. 11 minutu eta 39 segundo behar izan zituen hiru kanaerdikoa eta bi 60 ontzako enborrak mozteko. Bigarren posturako lehia estua izan zuten Xuban Kañamares V.ak eta Julen Gabirondok eta azkenean bi segundoko aldea izan zuten. Nafarrak 13 minutu eta 17 segundo behar izan zituen eta gipuzkoarrak 13 minutu eta 19 segundo. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a izan zen laugarren (14.00), Suharri Rodriguez bosgarren (14.05) eta bi lehenbiziko enborrak lehen postuan moztu zituen Patxi Mindegia seigarren (14.24).

Nafarroako arpana txapelketa eta aizkoran jautsiera

Nafarroako Arpana txapelketan Josetxo eta Iñaki Barberena anaiak suertatu ziren txapeldun (9.24), Adrian Berruezo eta Alberto Oteiza (10.43) eta Lur Gil eta Iker Goldarazenaren aitzinetik (13.58).

Bertzetik, Nafarroako lehen mailako aizkolarien jautsiera kanporaketa ere jokatu zuten Oier Kañamaresek eta Iban Resanok. Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztea zuten lana eta lehia estua izan zuten. Azkenean Kañamares nagusitu zen 22 segundorengatik (19.17 eta 19.39). Beraz, Oier Kañamaresek lehen mailan segituko du eta Iban Resanok maila galdu du eta 2022an Nafarroako bigarren mailan arituko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun