E•remontek antolatutako binakako erremonte txapelketa abiatu da Lodosan

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 22a, 19:00

Larunbatean Lodosan lortutako garaipen garbiari esker, Ion eta Xanti Uterga doneztebarra dira lehen liderrak.

Ortziralean Aldabek eta Azpirozek 35-33 irabazi zieten Matxin III.ari eta Otanori eta larunbatean Utergak eta Ionek 35-26 irabazi zieten Ezkurra II.ari eta Saldiasi

E•remonte Beti Euskal Jaik antolatutako binakako erremonte profesionaleko txapelketako lehen partidak jokatu dituzte asteburuan Lodosan. Finalerdietako ligaxkako lehen partida ortziralean jokatu zen eta Aldabek eta Azpirozek 35-33 irabazi zieten Matxin III.ari eta Otanori. Larunbatean, Xanti Uterga doneztebarrak eta Ionek 35-26 irabazi zieten Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrari eta Aimar Saldias saldiastarrari. Hortaz, Uterga eta Ion dira lehen liderrak.

Azaroko azken asteburuan, finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldia Irurtzunen jokatuko dute. Azaroaren 26an, ortziralean 19:00etan hasita Ezkurra II.a eta Saldias, Aldabe eta Azpirozen kontra ariko dira eta azaroaren 27an, larunbatean 19:00etan hasita, Matxin III.a eta Otano, Uterga eta Ionen kontra.

Ligaxkako azkena Elizondon abenduaren 10 eta 11n

Finalerdietako ligaxkako azken jardunaldia abenduaren 10 eta 11n jokatuko dute Elizondon. Ortziralean 19:00etan hasita, Uterga eta Ion, Aldabe eta Azpirozen kontra ariko dira eta larunbatean, ordu berean, Matxin III.a eta Otano, Ezkurra II.a eta Saldiasen kontra.

Finala abenduaren 17an jokatuko dute Iruñeko Labrit pilotalekuan, finalerdietako ligaxkako irabazleek eta bigarrenek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun