Iker Vicentek eta Karmele Gisasolak irabazi dute Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 22a, 12:00

Sherpa.ai txapelketako finalistak podioan. Erdian Vicente eta Gisasola txapeldunak.

Maika Ariztegi iturendarra izan da finalean eskualdeko parte hartzaile bakarra. Hirugarren postua eskuratu zuen. 

Atzo jokatu zen Bilboko Bilbao Arenan Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala. Ia 3.000 lagun izan ziren bertatik bertara finala jarraitzen. Esperotakoa bete zen eta bi faboritoek irabazi zuten txapela: Iker Vicentek eta Karmele Gisasola Zelai III.-ak. 

Gizonezkoen kasuan, txanda bakarrean sei finalistek hamabi enbor moztu behar izan zituzten: 54 ontzako lau, 60 ontzako lau eta 72 ontzako bertze lau. Iker Vicente hasieratik nagusitu zen eta 39 minutu eta 37 segundu behar izan zituen lana bukatzeko. Mikel Larrañaga sailkatatu zen bigarren(41:57) eta Eneko Otaño hirugarren (43:14). Haren atzetik sailkatu ziren Aitzol Atutxa (44:32), Julen Alberdi Txikia IVa (45:53) eta Jon Irazu (54:15). 

Emakumeen kasuan, hiru aizkolari aritu ziren lehian finalean: Karmele Gisasola Zelai III.a, Uxue Ansorregi eta Maika Ariztegi iturendarra. Zelai III.a aise nagusitu zen 11:48ko denbora eginda. Haren atzetik sailkatu zen Uxue Ansorregi (13:02) eta hirugarren postuan Maika Ariztegi (15:25). Lehen enborra aitzinetik bota zuen Ariztegik, baina pixkanaka gain hartu zioten bertze biek. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun