Herri kirolak arratsaldean
Feria egunean ohitura den herri kirol saioak ere ez du hutsik eginen. Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketaren finala jokatuko dute 18:00etan Ezkurra pilotalekuan. Patxi Mindegia zubietarra izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta berekin batera aizkolari hauek parte hartuko dute: Jokin Urretabizkaia (Gipuzkoa); Julen Gabirondo (Gipuzkoa), Xuban Kañamares (Nafarroa), Andoni Iruretagoiena (Gipuzkoa) eta Suharri Rodriguez (Gipuzkoa). Honako lan hau egin behar dute: hiru kanaerdiko eta bi 60 ontzako enborrak.
Jaialdian Nafarroako lehen mailako aizkora jaitsieraren kanporaketa ere jokatu beharko dute Oier Kañamaresek eta Ibai Resanok. Bortz enbor moztu beharko dituzte: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat. Jaialdia borobiltzeko Nafarroako gizonezkoen arpana txapelketa ere jokatuko da. Etzanda jarritako kanaerdiko enborrari 14 korte eman beharko dizkiote eta zutik jarritakoari lau. Josetxo Barberena eta Iñaki Barberena; Adrian Berruezo eta Alberto Oteiza eta Lur Gil eta Iker Goldarazena ariko dira.