E•remontek antolatutako binakako erremonte txapelketa ortziralean abiatuko da Lodosan

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 18a, 09:00
Txapelketako aurkezpenean izan ziren Azpiroz, Ezkurra II.a eta Aldabe, erremontisten ordezkari.

Finalerdiko ligaxkako azken jardunaldia Elizondon jokatuko dute abenduaren 11n eta 12an.

E•remonte Beti Euskal Jaik antolatutako binakako erremonte profesionaleko txapelketa lau bikotek jokatuko dute: Matxin III.ak eta Otanok, Aldabek eta Azpirozek, Xanti Uterga doneztebarrak eta Ionek, eta Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Aimar Saldias saldiastarrak.

Finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldia asteburu honetan jokatuko dute Lodosan. Ortziralean 19:00etan hasita Matxin III.a eta Otano, Aldabe eta Azpirozen kontra ariko dira eta larunbatean, 19:00etan hasita, Uterga eta Ion, Ezkurra II.a eta Saldiasen kontra.

Azaroko azken asteburuan, finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldia Irurtzunen jokatuko dute. Azaroaren 26an, ortziralean 19:00etan hasita Ezkurra II.a eta Saldias, Aldabe eta Azpirozen kontra ariko dira eta azaroaren 27an, larunbatean 19:00etan hasita, Matxin III.a eta Otano, Uterga eta Ionen kontra.

Finalerdietako ligaxkako azken jardunaldia abenduaren 10 eta 11n jokatuko dute Elizondon. Ortziralean 19:00etan hasita, Uterga eta Ion, Aldabe eta Azpirozen kontra ariko dira eta larunbatean, ordu berean, Matxin III.a eta Otano, Ezkurra II.a eta Saldiasen kontra.

Finala abenduaren 17an jokatuko dute Iruñeko Labrit pilotalekuan, finalerdietako ligaxkako irabazleek eta bigarrenek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun