Binakako erremonte txapelketa nagusiaren 51. edizioa hasiko da larunbatean Galarretan. Eskualdeko ordezkari bakarrak, Aritz Juanenea saldiastarrak eta Aizpuru III.ak, Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.aren kontra jokatuko duten partidarekin hasiko da hain zuzen. Bi bikote hauekin batera, bertze hiru ariko dira: Urriza-Labaka (azken txapeldunak); Ansa II.a-Martirena eta Segurola-Larrañaga. Finala abenduaren 29an jokatuko dute.
Aipatu bezala, Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.ak eta Juanenea-Aizpuru III.ak jokatuko dute lehen partida, ligaxkako estreinakoa. Ondotik, bertze bederatzi jardunaldi izanen dira, eta jaialdi bakoitzeko txapelketako partida bat jokatuko da. Lehen lau sailkatuek eginen dute aitzinera, eta azkena kanpoan geldituko da.
Finalerdiak abenduaren 24an, finala abenduaren 29an
Abenduaren 24an jokatuko dituzte bi finalerdiak: ligaxkako lehen sailkatua, laugarrenaren kontra; eta bigarrena, hirugarrenaren aurka. Irabazleak finalean ariko dira abenduaren 29an. Ez da atzerapenik izanen, eta baten batek ezin badu jokatu, Oriamendi 2010 enpresak antzeko maila duen batekin ordezkatuko du. Ikusle eta guzti jokatuko dira partidak, baina enpresak aukera izanen du osasun egoeraren arabera neurriak hartzeko.