Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2021

«Emakume bertsolarien artean sare goxo eta sendo bat sortzen ari da»

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 6a, 10:00

Nafarroako Bertsolari Txapelketako gai-jartzaileetako bat da Doneztebeko Maialen Belarra eta eskualdeko bertsolaritza nola ikusten duen azaldu digu.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Egunero zerbait berria ikasi nahi duen 29 urteko doneztebarra.

Zein dira zure zaletasunak?

Ahal dudanetan bidaiatzea, mendian ibiltzea, eskiatzea, lagunekin besta egitea, bertsolaritza… Eta tarteka lasai egotea eta irakurtzea ere bai. 

Noiz hasi zinen bertsolaritzarekin?

Zortzi bat urte nituela, Iturengo bertso eskolan.

Zein izan da zure ibilbidea?

Gaztetxoa nintzela Bortzirietako taldekakoan parte hartzen hasi nintzen, baita eskolarteko txapelketan ere, baina 20 urte nituenean jendearen aitzinean kantatzeari utzi nion.

Eta noiz hasi zinen gai-jartzaile lanetan?

Kantatzeari utzi nioenean, Bortzirietako taldekakoan aurkezten hasi nintzen, lagun giroan, baita Bardotan ere. Bertsolaritzaren munduan segitzeko bertze modu bat da eta aunitz gustatzen zait.

Nafarroako Bertsolari Txapelketan zaude orain…

Duela bi urte txapelketan gai-egileen taldean sartu nintzen, eta saioren bat aurkezteko aukera izan nuen. Ordutik taldean segitzen dut, eta aurten ilusio berezia egiten dit nire herriko saioa aurkezteak.

Zer nahiago duzu, bertsolari edo aurkezle?

Bertso eskolan eta autoan bakarrik noanean bertsotan zerbait egiten saiatzen naiz, baina publiko aitzinean nahiago dut aurkezle lanetan ibili.

Nola ikusten duzu bertsolaritza Malerrekan?

Eskualdean orokorrean bertsozale dezente daude, eta Malerrekan ere badira, noski. Helduen bertso eskolan geroz eta gehiago gara, eta zorionez, geroz eta emakume gehiago animatzen ari dira. Indartsu eta gogotsu datoz gainera.

Eta emakumeen egoera?

Aitzineko batzuek irekitako bidea elkarrekin egiten ari gara, eta pixkanaka bat egite horren emaitza ikusten ari da. Nafarroako emakume bertsolari/zaleen artean sare goxo eta sendo bat sortzen ari da, eta espero dut azkenean plazak ere errealitate horren isla izatea, txapelketan zein txapelketatik kanpo. 

Zure asmoak epe motzera?

Gai-jartzaile gisa, ahal dela, bertsolariak eroso sentiaraztea, eta bertsozale gisa, txapelketaz gozatzea. 

Eta epe luzera?

Nahiago dut oraingoaz disfrutatu eta nahi ttikiak bete. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun