Doneztebeko informazio garrantzitsuena zuzenean telefono mugikorrean jasotzeko iniziatiba martxan jarri du Udalak, herritarrekin zuzeneko komunikazioa indartzeko asmoa duen WhatsApp difusio kanala. Udal ordezkarien erranetan, eduki praktiko eta interesgarriak ezagutzera emateko tresna izanen da, hala nola abisuak, erabaki garrantzitsuak edota ekimen bereziak.
Doneztebeko mugikortasun eredua berritzeko neurriak adibidetzat jo ditu Udalak. Urri hasieratik urte bukaera arte hainbat moldaketa egiten ari dira trafikoan zein aparkalekuetan, eta Udalak azaldu du komunikazio tresna honek berrikuntza horiei buruz informatzeko ere balioko duela.
Zerbitzuan alta
Herritarrek difusio kanalean alta emateko 'Alta' dioen WhatsApp mezu bat bidali beharko dute 641 58 99 08 telefonora. Udalak adierazi du pribatasuna errespetatzeko asmoz herritarrek ez dutela beren burua identifikatu beharko, soilik 'Alta' dioen mezua bidali.
Ordutik aitzinera alta ematen duten herritarrek udalak bidalitako informazio interesgarria jasoko dute eta udalak neurriz erabiliko duela nabarmendu du, «difusio kanala soilik puntualki erabiliko dugu, astean behin ziurrenik, webgunean eta sareetan argitaratzen dugun edukien aukeraketa praktiko eta interesgarri bat zabaltzeko».
Udalak jakinarazi du ez dela WhatsApp talde bat izanen, herritarrek soilik udalaren mezuak jasotzeko kanala izanen da. Herritarrek beren kezkak azaldu edota kontsultak egiteko orain arteko parte hartzeko bideak erabili ahalko dituzte: Udalaren sare sozialak, Udaletxeko telefonora deitu (948 45 00 17) edota e-Postaz idatzi (santesteban@doneztebe.eus).