Mikel Ibarrola doneztebarra podiumera igo da Espainiako Disc Golf txapelketan

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 26a, 13:00
Mikel Ibarrola, Javier De Riego eta Luis Menendez, Espainiako Disc Golf txapelketako Pro Master 50+ kategoriako podiumean.

Baxi Basajaun taldeko Mikel Ibarrola doneztebarrak Espainiako Disc Golf txapelketan parte hartu du asteburuan Andaluzian, Chipionako Parque de los Lagosen (Cadiz, Espainia). Ez nolanahi gainera, hirugarren izan baita Pro Master 50+ beteranoen mailan. Honela, podiumera igo da Ibarrola, «ustekabeko handia, arras kontent nago», Andaluziatik bertatik aipatu digunez.

Txapelketa jokatu den zirkuitua «izugarri polita eta zaila» zela aipatu digu Ibarrolak, «disko pila bat galdu dira».

Hemezortzi saskiko hiru txanda jokatu dituzte eta kategoria bakoitzeko lau onenek lortu dute finalerako txartela, tartean Ibarrolak: «Lehenbiziko txandan bigarrena izan naiz, hirugarrenarekin berdindua; bigarren txandan laugarrena izan naiz eta hirugarrenean hirugarren».

Finalean, bederatzi saskiko txanda bakarra jokatu dute eta hirugarren postuari eustea lortu du doneztebarrak. «Finalean laugarrenari bortz jaurtiketaren aldearekin hasi naiz, baina lehenengo saskian bi kendu dizkit. Nahiko urduri aritu naiz, baina ongi kudeatu dut diferentzia postua eta hirugarren postua lortu dut»

Bere kategorian lehen bi postuetan Javier Del Riego eta Luis Menendez sailkatu ziren. Kategoria nagusian Carlos Río eta Vilja Hulden izan dira Espainiako txapeldun, Pro Master 40+ kategorian Ivan Gutierrez eta junior kategorian Dabi Cipriano.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun