Ezkurra II.a eta Ion ariko dira Azpirozekin batera buruz buruko erremonte profesionaleko txapelketaren finalean

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 18a, 16:00

Ezkurra II.a eta Ion sailkatu ziren finalerako. Azpiroz izanen dute esperoan larunbatean Labriten.

Zestoan jokatutako finalaurrekoetan, Ezkurra II.ak Uterga kanporatu zuen ortziralean eta Ionek Zeberio II.a larunbatean.

Banakako erremonte profesionaleko txapelketa 2021eko Martiko Sari Nagusiko finalerdiak asteburu honetan jokatuko dituzte Zestoan (Gipuzkoa). Lehenbizikoa ortziralean izan zen eta bi doneztebar izan ziren aurrez aurre. Josetxo Ezkurra II.ak 30-27 irabazi zion Xanti Utergari, finalerako txartela eskuratuz. Larunbatean, berriz, Ionek erraz irabazi zion Zeberio II.ari.

Ortziraleko jaialdiko lehen partidan, Aldabek eta Otanok 30-19 irabazi zieten Aimar Jabalera doneztebarrari eta Barricarti, baina markagailuak erakusten duena baino partida orekatuagoa izan zen.

Ezkurra II.a eta Utergaren arteko partida, berriz, bikaina izan zen, berdindua eta gogorra. Uterga hasi zen agintzen (61 eta 8-3), baina bederatzina berdindu zuen Ezkurra II.ak eta hortik hogeita banakora bitarte, arras berdinduak hoan ziren. Hiru tantuko aldea hartu zuen Ezkurra II.ak (23-26), baina berriz ere 26-26 eta 27-27 berdindu zuten. Azken hiru tantoak, ordea, Ezkurrak egin zituen, finalerako txartela eskuratuz (30-27). Txalo zaparrada handi batekin agurtu zituzten bi erremontistak Zestoan bildutako zaleek.

Larunbatean Ion nagusi

Larunbateko finalaurrekoan, berriz, Ionek erraz irabazi zion Zeberio II.ari, 30-19. Jaialdiko lehen partidan, Matxin III.ak eta Agirrezabalak 30-21 irabazi zieten Eloi Otxandorenari eta Azpirozi.

Larunbatean Labriten jokatuko den hiruko finalean, beraz, Ezkurra II.a, Ion eta Azpiroz ariko dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun