Emakume langileei aitortza egin diete Zubietako lixutegian

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 18a, 12:00

Atzo eguerdian aitortza-ekitaldia egin zuten zubiko iturrian eta hainbat emakumek garbiketa lanetan nola aritzen ziren erakutsi zuten

Emakumeak omentzeko eguna izan zen atzokoa Zubietan, eta urteetan garbiketa lanak egiteko erabili izan den iturriaz baliatu ziren horretarako. Abuztu eta irailean olio zaharraren bilketa egin zuten herrian eta Oihana Santamaria artisau gasteiztarrak xaboia egin zuen horrekin. Emakumeek xaboiarekin garbiketa lanak nola egin ohi zituzten erakutsi zuten eta haien testigantzak aditzeko aukera izan zuten herritarrek. Argazkiak: Izaskun Zubialde

Ondoren, egun horretarako Bittori Elizalde Sotok sortutako bertsoa entzun zuten eta Santamariak sortutako xaboiak banatu zituzten. Udala garai horietako argazki bat aurkitzen saiatu zen baina ez zuen lortu, beraz, irailean Irantzu Pastor argazkilariak errekreazio bat egin zuen Zubietako emakumeekin eta argazki hori zubiko iturrian zintzilikatu zuten atzo. Ekitaldia borobiltzeko, Edortak eta Txasek herriko plaza girotu zuten kantaldiarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun