Lehen Hezkuntzan maskara erabiltzearen aurka jarrialdia gaur Donezteben

Ttipi-Ttapa 2021eko urriaren 18a

Haurrak Ere Bai familien sareak gaur, urriaren 18an, Euskal Herriko ikastetxeen atarietan biltzeko deia egina du. Horrekin bat eginez, Doneztebeko eskolako atarian jarrialdia eginen dute gaur arratsaldean, Lehen Hezkuntzan maskararen erabilera nahitaezkoa izan ez dadin exijitzeko.

Plataformak adierazi duenez «planto egiteko hamar minutuko ekintza» izanen da, eta «argi» utzi nahi izan du «ekintza ikastetxeetan egitea proposatu dugula guraso zein hezkuntzako profesionalak antolatu, batu eta aktibatzeko helburuarekin, hezkuntza komunitatearen parte garen heinean, hitza eta erabakietan parte hartzeko gaitasuna ditugula gogoratzeko». Horrekin batera, nabarmendu duenez, «ez da ikastetxearen kontrako ekintza, bai, ordea, hezkuntza protokoloa bera eta hau ezartzearen kontrakoa. Denok gara gure haurren ongizatearen arduradun». Taldearen hitzetan, «6-12 urte bitarteko haurrek aire zabalean maskararekin egon beharraren argudioari ez diogu zentzurik aurkitzen. Haurrak herriko parketan eta plazetan maskararik gabe baitabiltza».

Doneztebeko jarrialdia 16:00etan eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun