ISABEL INDA

«Kapritxorik ez, baina garai zailenetan ere ez dugu goserik ezagutu»

Pablo Irastortza 2021ko urr. 17a, 10:00
Isabel Inda, 101 urteko sunbildarra, Marivi eta Begoña alabekin.

Isabel INDA ARREGI, Sunbillako 101 urteko emakumea.

1919ko azaroaren 19an jaio zen Gazteluko Senpernean, baina 1948an Joxemari Elizondorekin ezkondu zenetik Sunbillako Latsa baserrian bizi da osasuntsu Isabel. Berekin bildu gara.

Omenaldi txiki gisa eta ohitura bihurtu nahian, aurtengo apirilean argitaratu zen Asun eta Juli (Goian Bego) ahizpa etxalartarrekin egindako solasaldia. Oraingoan, herriko ordezkaria den Juan Antonio Ibarra eta hizki hauen idazlea, Sunbillako Latsa baserriko Isabelengana (1919ko azaroaren 19an jaioa) jo genuen, baita familian aldetik harrera biziki atsegina jaso ere. Baserri bereko Joxemari Elizondorekin ezkondu zen 1948an, eta bertan bizi da geroztik. Bere itxura mardula ikusirik ez luke inork erranen laster 102 urte bete behar dituenik. Ebakuntza txiki bat alde batera utzita, ez du osasun arazorik sekula izan, eta apenas tarteka pilularen bat hartzen duen. Marivi eta Begoña bere bi alaben laguntzarekin (milesker bioi) plazerra izan zen bisitari kuxkuxeroen jakin nahia eta bizitzan izandako harat-honatak, Isabelen aho eta buru argietatik aditzea.

 

Txoritxo batek dio ez zarela etxe honetan sortua…

Ez, Gazteluko Senpernea etxean jaio nintzen, eta sei senidetatik –hiru neska eta hiru mutil– bigarrena naiz.

Nola izan ziren txiki-gazte garaiak?

Buenoo, hagitz oroitzapen politak ditut, auzoko lagunekin ia egun guztia kalean pozik jostetan, baita ere zeinen gustura joaten ginen goiz eta arratsaldez sei-zortziko haur kuadrillak, Donamariako eskolara.

Elizara ere joan behar izaten zen, obligazioz…

Hala zen, komunio txikia egin orduko mezetara joan behar zen aitzaki txatxurik gabe. Egia erran igandetan suertea izaten genuen, lasai lasai goizeko hamaiketako mezara joaten baikinen familiakin.

Zenbat urte arte eskolan?  

Hamabi urte arte, nahiko lana bazegoen etxean laguntzen, ondoko senide txiki andana ere zaindu behar baitzen.

Non ezagutu zenuen senarra? 

Garai haietan inguruko gazteak Donezteben elkartzen ginen, eta Santa Luzia besta batean ezagutu ginen, bizpahiru urte inguru nobiotan ibili ondoren 1948an ezkondu ginen, hori bai e, nobio bakarra izan nuen!

Gaztetan gerra ere etorri zen…

Bai, zoritxarreko urte tristeak izan ziren haiek, zenbat familiatan anaiak anaien kontra aritu behar izan zuten. Hala ere gure inguruan ez zen inor faltatu, suertea izandu genuen, nere senarrak ere lau urte pasa zituen gerran eta onik bueltatu zen. Nahiz eta garai zail haietan kapritxo txikienik ere ez usaitu, goserik ez genuen ezagutu, gaztainak, taloak, zerrikia edo esnea genituenez, familiakoen elikadura basikoa ziurtatua genuen.   

Familia ederra hazi duzue…

Bai, bortz seme-alaba izandu ditugu, hiru neska eta bi mutil. Hamabi biloba ere baditugu. Orain dela 27 urte alargundu nintzenetik, seme bat eta alaba baten laguntzarekin, kontent bizi naiz.

Etxeko lanak ez aski eta kanpoan ere aritua zara…

Halaxe da, Bidasoa auzoko eskolan hamaika urtetan ikasleen bazkaria prestatu nuen. Garai haietan, baserrietan ez zegoen gaurko bide, garraio eta erraztasunik, eskerrak eskolan bertan  bazuten otordua egiteko aukera. Orduko oroitzapen ederrak ditut, auzotar 25 umeri egunero bazkaria prestatzea hagitz lan polita eta eskergarria zen.

Arkupeak elkartearekin aunitz bidaiatu duzu?

Bai, aunitz, Italian, Andorran, Lourdesen, Xabierren, Aralarren, Arantzazun, Lezon… ibilia naiz. Hagitz maitea izandu dut beti Arantzazura joatea, aukera izanez gero gustura joanen nintzake berriz.

Duzun itxura elegantearekin, zaintzen zarela dirudi…

Beno, saiatzen naiz egunero ordutegia mantentzen, 09:00ak aldera jeiki, gosaldu, tenorez bazkaldu… hori bai, nahiz eta 22:00 orduetako ohatzean nagoen, siesta luze xamarra ez dut barkatzen.

Orduan apetitu onekoa zara, izanen duzu janari maiteagoren bat? 

[Irriz] Ez, ez, denetik jaten dut, zorionez ez dit deusek minik egiten. Janari maiterik? alabak prestatzen duen baratzuri zopa! aski goxoa! gehiagotan janen nuke baina, lastima, sobera jatea ez omen da osasungarria eta.

Isabel, ikusten da etxekoek erregina bateri bezala zaintzen zaituztela… 

Hori egia da, nik ere beraiek kariñoarekin tratatzen ditut e! [irriz] ez zait okurritzen a la porra bidaltzea… bertzela akabo, ez didate zainduko!

Isabel eta familia, mila esker eta izan osasuna! Ea 102. urtebetetzean berriz ere elkartzerik badugun!

Isabel Inda, Arkupeak elkarteko Pablo Irastortza eta Juan Antonio Ibarrarekin.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun