Banakako erremonte profesionaleko txapelketako finalaren bila, Uterga eta Ezkurra II.a aurrez aurre izanen dira Zestoan

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 14a, 16:00

Xanti Uterga eta Josetxo Ezkurra. Doneztebarren arteko lehia izanen da ortziralean Zestoan, finalerako txartelaren bila.

Txapelketako lehen finalerdia ortziralean jokatuko dute eta bigarrena larunbatean izanen dute Ionek eta Zeberio II.ak.

Banakako erremonte profesionaleko txapelketa 2021eko Martiko Sari Nagusiko finalerdia asteburu honetan jokatuko dituzte Zestoan (Gipuzkoa). Lehenbizikoa ortziralean izanen da eta bi doneztebar izanen dira aurrez aurre: joan den larunbatean herrian jokatutako kanporaketan garaile suertatu zen Josetxo Ezkurra eta Xanti Uterga.

Ortziralean 22:30ean hasiko den jaialdiko lehen partidan Aldabe eta Otano, Aimar Jabalera doneztebarraren eta Barricarten kontra ariko dira.

Bigarren finalerdian, Ion eta Zeberio II.a aurrez aurre

Bigarren finalaurrekoan Zeberio II.a eta Ionen arteko norgehiagoka izanen dute larunbatean Zestoan. 19:00etan hasiko den jaialdiko lehen partidan Matxin III.a eta Agirrezabala, Eloi Otxandorena doneztebarraren eta Azpirozen kontra ariko dira.

Zeberio II.a eta Ion, finalerdietako aurkezpenean, e-Remonte elkarteko Josemi Leacherekin eta Mikel Arregi Zestoako alkatearekin.

 

Hiruko finalean, Azpiroz izanen dute esperoan urriaren 22an Labriten

Bi finalerdietako irabazleek, hiruko finala jokatuko dute urriaren 22an Labriten Azpirozekin batera.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun