Zubietako emakume langileei aitortza eginen zaie urriaren 17an

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 13a, 19:00

Zubiko iturrian emakumeen lanaren errekreazioa egiten duen Irantzu Pastorren argazkia jarriko dute.

Zubietako Udalak Malerrekako Gizarte Zerbitzuekin batera Zubietako emakumeek egindako lanari aitortza antolatu du urriaren 17an. Aitortza hori zubiko iturrian (labaderoa) eginen da, hor urteetan emakumeek garbiketa lanak burutu baitzituzten, «Lan horiek askotan balorapen eskasa izan dute, garrantzi gutxi eman zaie, baina jakin badakigu ezinbestekoak izan direla. Horregatik garbiketa lanak aukeratu ditugu», aipatu digu Ernesto Dominguez alkateak. 

Aitortza honek sentsibilizazio fase bat izan zuen abuztuan. Horretarako abuztuaren 23tik irailaren 5a arte olio zaharraren bilketa egin zen herriko estalpean, gero bildutako olioarekin xaboia egiteko. Xaboia Oihana Santamaria artisau gazteiztarrak egin du. Udalak ere aitortza eginen den egunean argazki handi bat paratu nahi du zubiko iturrian emakume guztiek egin dituzten lanak aitortzeko. Argazki hori errekreazio bat izanen da. Udala saiatu zen lan horiek erakusten zuten garai bateko argazkiak lortzen, horretarako deialdia ere egin zuen herritarren artean udan, baina ezinezkoa izan da. Beraz, errekreazioa 2021eko irailean Irantzu Pastor argakilariak egindako izanen da. Bertan Zubietako emakumeak agertuko dira garbiketa lanak egiten.

Aitortza-ekitaldia

Urriaren 17an eguerdiko 12:00etan aitortza-ekitaldia eginen da. Egun horretan zenbait emakumeek berriz erakutsiko dute nola aritzen ziren garbiketa lanetan eta haien testigantzak jasotzeko eta aditzeko aukera izanen dugu. Ondoren egun horretarako Bittori Elizalde Sotok sortutako bertsoa adituko dugu. Ondoren, Oihanak egindako xaboia banatuko dute eskerrak emanez, eta jarraian errekreazioa zintzilikatuko dute zubiko iturrian. Bukatzeko plazan Edortak eta Txasek kantaldia eskainiko dute plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun