Udazkena ailegatzearekin bat hasi da Nafarroako Bertsolari Txapelketa ere, eta asteburuan ailegatuko da eskualdera. Donezteben jokatuko dute txapelketako azken final-laurdena Zineman, 17:30ean. Bertan kantatuko dute Julio Soto egungo txapeldunak, Josu Sanjurjo (Lesaka), Iker Gorosterrazu (Ituren), Ekain Alegre, Egoitz Gorosterrazu (Ituren), eta Sahats Aleman bertsolariek. Maialen Belarra arituko da gai-jartzaile lanetan.
Sarrerak www.bertsosarrerak.eus helbidean eskuratu daitezke. Oraindik sarrerarik gelditzen bada, larunbatean 16:00etan irekiko dute leihatila sarrerak saltzeko.
Doneztebeko saioaren ondotik erabakiko da zein hemezortzi bertsolari igaroko diren finalaurrekoetara. Eneko Fernandez (Lesaka), Eneko Lazkoz eta Joanes Illarregi (Leitza) bertsolariek dagoeneko eskuratua dute hurrengo faserako txartela.