Banakako erremonte profesionaleko txapelketa 2021eko Martiko Sari Nagusia asteburu honetan abiatu da. Larunbatean jokatu zuten final laurdenetako bigarren kanporaketa Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan eta Josetxo Ezkurra II.a izan zen jaun eta jabe, bi garaipen garbirekin: 20-6 irabazi zion Matxin III.ari eta 20-11 Eloi Otxandorena doneztebarrari. Matxinek 20-10 irabazi zion Otxandorenari. Hortaz, Josetxo Ezkurra eta Xanti Uterga doneztebarren arteko finalerdia izanen da ortziralean Zestoan.
Doneztebeko jaialdiko lehen partidan, Aimar Jabalera doneztebarrak eta Aimar Saldias oiztarrak 32-35 galdu zuten Aldabe eta Agirrezabalaren kontra.
Bezperan Agoitzen Zeberio II.a garaile
Ortziralean jokatu zen final laurdenetako lehen kanporaketa Agoitzen eta honetan, Patxi Zeberio izan zen garaile. Zeberio II.ak 20-12 irabazi zion Aldaberi eta 20-17 Otanori. Otanok 20-12 irabazi zion Aldaberi. Finalaurrekoan Zeberio II.a eta Ionen arteko norgehiagoka izanen dute larunbatean Zestoan. Bi finalerdietako irabazleek, hiruko finala jokatuko dute urriaren 22an Labriten Azpirozekin batera.