Amaia Mikelarena Ariztegi

«Landetxe batean beti badago zerbait egiteko eta denbora behar da»

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 10a, 08:00

Amarekin batera, herrian dituzten landetxeak zaintzen ditu Amaia Mikelarena oiztar gazteak.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Buruan zalantza aunitz dituen 22 urteko oiztarra.

Zein dira zure zaletasunak?

Aunitz gustatzen zait musika, aditzea eta baita dantzatzea ere. Trikitixa ere jotzen dut zazpi urtetatik. Honez gain, hagitz gustukoa dut lagunekin gelditzea eta momentu dibertigarriak pasatzea.

Zer ari zara ikasten?

Geografia eta Lurralde Antolakuntza, Gasteizko Unibertsitatean.

Amarekin batera landetxeak kudeatzen dituzu, ezta?

Bai. Ttikitatik bizi izan dut amarekin turismoaren mundua eta aurten ni ere animatu naiz. Denetara lau landetxe ditugu, hiru herritik kilometro eta erdira eta nik eramaten dudana herrian bertan.

Nola sortu zitzaizun aukera?

Proiektua orain dela 23 urte hasi zuten nire amak eta osabak. Nik eramaten dudan etxea osabarena zen, bera orain bertze lanetan aritzen da.

Lan handia da?

Etxe batean beti badago zerbait egiteko: etxea noizean behin pintatu, lorategia moztu, etxeko dekorazioa eguneratu… eta horrek guztiak denbora behar du eta garrantzitsua da denbora hori eskaintzea. Nire eginbeharra etxea garbitzea da eta edozein informazio behar dutela ematea; zer ikusi, non bazkaldu…

Web orria ere baduzue...

Bai, eta ongi funtzionatzen du, baina noizean behin tartetxo bat eskaini behar zaio: egutegiak eguneratu, argazki berriak igo… azken finean bezeroak etxearekiko duen lehen kontaktua da eta itxura ona ematea garrantzitsua da.

Turismo handia izaten da?

Bai, batez ere Aste Santuan eta udan, eta bere alde onak eta txarrak ditu. Ekonomiaren hazkundea da turismoaren alderdi onetako bat, baina egia da herri ttikietan, kanpotarrez betetzean, guk sortzen dugun giro hori pixka bat galtzen dela.

Turista kopurua erregulatzea beharrezkoa da?

Bai, batez ere ingurugiroa zaintzeko. Orain gainera, Covidarekin, jende-pilaketak ekiditeko balio digu.

Zure asmoak epe motzera?

Ikasten ari naizen gradua akitzea eta gero master bat egitea.

Eta epe luzera?

Bidaiatzea aunitz gustatzen zait eta dirua aurreztu ahala  hainbat herrialdetara joatea izanen litzateke nire helburu nagusietako bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun