Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketako kanporaketan izanen dira Patxi Mindegia eta Mikel Indakotxea zubietarrak

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 7a, 16:00

Igande eguerdian ariko dira Larrabetzuko frontoian bertze zortzi aizkolarirekin batera, finalerako bi txartelen bila.

 

Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketako hirugarren eta azken kanporaketa jokatuko dute urriaren 10ean, igandean 12:00etan Larrabetzuko frontoian (Bizkaia). Hamar aizkolari ariko dira lehian, tartean Patxi Mindegia eta Mikel Indakotxea zubietarrak, finalerako azken bi txartelen bila.

Bi zubietarrekin batera, Txomin Amundarain, Ibai Soroa eta Emilio Garcia nafarrak, Beñat Lekue, David Naredo eta Ruben España bizkaitarrak eta Ibon Garaiburu eta Suharri Rodriguez gipuzkoarrak ariko dira igandean. Aizkolari bakoitzak lau kanaerdiko moztu beharko ditu.

Hirugarren mailako lehen kanporaketa abuztuaren 15ean egin zuten Donamarian eta bertan Jokin Urretabizkaia eta Julen Gabirondo sailkatu ziren finalerako. Bigarren kanporaketa Mungian (Bizkaia) egin zuten eta Xuban Kañamaresek eta Andoni Iruretagoienak lortu zuten finalerako txartela. Larrabetzuko bi lehenbizikoekin batera ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun