Banakako erremonte profesionaleko txapelketako final laurdenetako bat Donezteben jokatuko dute larunbatean

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 7a, 11:00

E-remontek antolatutako banakako erremonte profesionaleko txapelketaren aurkezpena egin zuten atzo Iruñean. Final laurdenetako kanporaketako bat Donezteben jokatuko dute larunbatean.

Finalerdiak urriaren 15ean eta 16an jokatuko dituzte Zestoan irabazleek Uterga eta Ionen kontra eta finala urriaren 22an Iruñean.

E-enpresak eta Erremonte Fundazioak antolatutako banakako erremonte profesionaleko txapelketa 2021eko Martiko Sari Nagusia asteburu honetan abiatuko da eta atzo egin zuten Iruñean. Final laurdenetako lehen partidak Zeberio II.ak, Aldabek eta Otanok jokatuko dituzte urriaren 8an, ortziralean 19:30ean Agoitzen eta final laurdenetako bigarren kanporaketa Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan jokatuko dute urriaren 9an, ortziralean 19:00etan Matxin II.ak, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Eloi Otxandorena doneztebarrak.


Zestoako finalerdietan Uterga eta Ion esperoan

Asteburu honetako triangeluarretan irabazle suertatzen diren erremontistak buruz buru jokatuko diren finalerdietarako sailkatuko dira. Urriaren 15ean, ortziralean 22:30ean jokatuko den lehen finalerdian Xanti Uterga doneztebarra ariko da Doneztebeko hiruko kanporaketaren irabazlearen kontra eta urriaren 16an, larunbatean 19:00etan hasiko den finalerdian, Ion ariko da Agoizko irabazlearen kontra.

 

Urriaren 22an Labriten jokatuko den finalean Azpiroz eta finalerdietako irabazleak

Finalerdietako irabazleek Iruñeko Labriten jokatuko dute finala urriaren 22an, ortziralean 19.00etan. Baina ez dute biek bakarrik jokatko, izan ere, joan den urteko Eguberrietako txapelketa irabazi zuen Azpiroz izanen dute esperoan. Beraz, final laurdenetako kanporaketak bezala. hau ere hiruko finala izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun