Datorren ortzegunean urriaren 14an uholde arriskuari aurre egiteko plan berria aurkeztuko dute Doneztebeko Herriko Ostatuan 19:00etan. Plan berriak uholde-kasu bakoitzean esku hartuko duten udal-egitura eta antolaketaren nondik norakoak zehazten ditu, eta baita herrian uholdeei aitzin egiteko dauden baliabideak eta herriko puntu ahulak ere.
Plan berri honen nondik norakoak herritarrei azaltzeko, Nafarroako Gobernuko hainbat ordezkari eta plana egiteaz arduratu diren enpresetako teknikariak etorriko dira. 19:00etan hasiko da jardunaldia eta aurkezpena egin ondotik, adituek azalpenak emanen dituzte.
Jardunaldiaren helburua herritarrek uholdeen inguruko ezagutza areagotzea eta norbera babesteko neurriak hartzen ikastea izanen da. Horretarako, jardunaldira joateko gonbidapena egin diete Doneztebeko herritarrei, kirol elkarteei eta enpresei ere.
Doneztebeko aurkezpenaren ondotik, datozen hilabeteetan Beran, Lesakan eta Etxalarren ere aurkeztuko dituzte uholde kasurako plan berriak.