Ez da beste urtetako ospakizun handirik izanen, baina, joan den urtean ez bezala, Euskararen Egunak bere tartetxoa izanen du aurten ere urriko bigarren larunbatean Zubietan. Gazteek ez zuten aurtengoa deus antolatu gabe utzi nahi eta seinalea bederen izanen da, segurtasun neurri guztiak betez eginen den egitarau xumearekin.
Honela, urriaren 9an, larunbat goizean eskulangileek beraien lanak plazaratuko dituzte eta herriko trikitilari eta panderojoleak ere ibiliko dira, baita joaldunak ere eta mutxikoak dantzatzeko aukera izanen da. Herri bazkaria ere izanen da eta bazkarirako txartelak Santxon salgai daude asteazkena bitarte, 35 eurotan. Arratsaldean, 19:00etan Neomak taldearen kontzertua izanen da eta 23:00etatik aitzinera, dantzaldia Trikidantz taldearekin.