Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako lehen jardunaldian parte hartuko du Patxi Mindegia zubietarrak

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 1a, 14:00

Patxi Mindegia zutikako enborra mozten, Urrezko Aizkolari Txapelketako iazko kanporaketa batean.

Urriaren 3an, igandean 13:00etan ariko da Deustun, urriaren 17an Lizarran jokatuko den finalerako txartel baten bila.

Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako edizio berria abiatuko da urriaren 3an, igandean 13:00etan Bilboko Deustu auzoan jokatuko den lehen jardunaldiarekin. Patxi Mindegia zubietarra izanen da eskualdeko aizkolari bakarra.

Zubietarrarekin batera, Arribeko Txomin Amundarain eta Ibai Soroa eta Hernaniko Sugarri Rodriguez ariko dira eta zazpi enbor moztu beharko dituzte lau modalitatetan (abiaduran 45 ontzako enbor bat, zutik jarritako 45 ontzako enbor bat, abiaduran 60 ontzako enbor bat eta, azken proban, lau kanaerdiko moztea).

Bigarren kanporaketa urriaren 10ean jokatuko dute Hodei Ezpeleta (Eibar), Jokin Urretabizkaia Basozabal (Donostia), Goizeder Belza (Etxarri Aranatz) eta Oier Kañamares IV.a (Arostegi) aizkolariek. Kanporaketa bakoitzetik bi onenak pasako dira eta lau aizkolariek finala jokatuko dute urriaren 17an Lizarran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun