Irail hondarrean herriko bestetako ospakizunetan egon beharko lukete Urrozen ere. Baina joan den urtean bezala, aurten ere ez dute San Migel bestarik izanen… Horren ordez, seinale gisara ekitaldi bat edo bertze egitea erabaki du udalak… Horren berri eta agintaldiaren erditsua betetzen ari direnean, udaleko bertze zenbait konturen berri izateko Imanol Juanena Aleman zinegotziarekin izan gara.
Irailaren 16an egindako bileran Sanmigelen inguruko kontuez aritzekoak zineten… Herriko bestarik ez bada ere, zerbait egiteko asmorik bada?
Irailaren 16an izan genuen plenoan San Migel Egunean, irailaren 29an, meza nagusiaren ondotik herriko ostatuan luntxa ematea erabaki genuen. Horrez gain, haurrendako egunen bat antolatu nahiko genuke eta aizkora apustu bat ere ekarri asmo dugu. Gauza gehiagorik ez, momentuz.
Duela bi urteko udal hauteskundetan hasieran ez zen zerrendarik Urrozen, eta gero sortu zenuten taldea… Zail izaten da udaletxean lan egiteko taldea osatzea?
Herri ttiki hauetan zaila da udalean sartzeko jendea biltzea. Jendeak ez du konpromiso hori hartu nahi baina norbaitek egin behar du. Lehenagotik zeudenak zortzi urte egin ondotik atera ziren eta haiei erreleboa emateko sartu ginen: lehenago egona zen bat, eta bertze lau berri. Josu Zozaiak hartu zuen alkatetza, baina elkarlanean aritzen gara denak.
«Herri ttikiotan zaila da udalean sartzeko jendea biltzea»
Agintaldi erditsura ailegatuta, zein izan dira orain arte egin ahal izan dituzuen lanak? Nola moldatzen zarete?
Plenoak hiru hilabetero egiten ditugu, eta tartean baten bat gehiago, horrela suertatzen bada. Orain arte pistak matentzeko auzolanak egin ditugu, eskollera bat ere bai. Ostatuko eta udaletxeko ateak aldatu ditugu, baita ura berotzeko kalderak ere eta frontoiko argi berriak paratu ditugu. Horrez gain, Leurtzan aparkalekua dezente handitu behar izan genuen leku gehiago izateko.
Pandemia tarteko, pentsatzen dut agintaldi berezia izanen dela Urrozen ere…
Bai. Orain arte, gu sartu garenetik, ez dugu bestarik antolatu ahal izan adibidez, eta iaz udan Leurtzan lan aunitz izan zen, dena COVID-19ak eskatzen dituen osasun baldintzetara egokitzen, ibilbidea, edukiera, garbiketak....langileek lan aunitz izan zuten!
Zenbatsuko aurrekontua izaten du Urrozko udalak? Zein izaten dira sarrera nagusiak? Eta gastuak?
Ehiza postuen enkantetik aunitz ez baina zerbait sartzen da, menditik ere bai pixka bat, kontribuzioak eta dirulaguntzak gehienbat. Gastuei dagokienez, herriko langileen ordainketak, herriko mantenimenduak, pistak, argia.... iaten dira handienak.
Aitzinera begira, baduzue egitasmo edo proiektu bereziren bat begien bistan?
Momentuz ez dugu deus berezirik pentsatu. Bide bat asfaltatzeko lanetan ari gara, Leurtzako urtegian beti izaten da zer egin, komunak, inguruko ibilbideko egurrak,eserlekuak... Eta herrian zuntz optikoa, fibra sartu asmo dugu. Egunen batean ailegatuko da hori ere eta bien bitartean bertze sistema batekin lanean ari gara Internet sarea hobea izateko.
Zein dira Urrozek dituen indarguneak eta ahulguneak?
Indargune bezala erranen nuke gauza aunitz egiten dela auzolanetan eta jendeak ez du arazorik izaten horietan lan egiteko. Ahulgune bezala, berriz, herri ttiki gehienetakoa aipatuko nuke, gauza aunitzetarako Doneztebera edo Iruñera joan behar duzula, bertan ez dugulako horrelako zerbitzurik.
«Azken aldian gazte gehienak herrian gelditzen gara»
Jende gaztea herrian gelditzen da edo populazioa murrizten ari da?
Azken urteetan populazioa mantentzen ari da guti goitibeheiti.
Nola ikusten duzu herriaren etorkizuna?
Azken aldian gazte gehienak herrian gelditzen ari gara, ea joerak berdin segitzen duen etorkizunean ere!