Dorrealdia jaialdiaren lehen edizioa hartuko du Donamariak urriaren lehen asteburuan. Elkartasun jaialdi hau urriaren 1ean eta 2an eginen da eta bertan musikaz, arteaz eta kultura tradizionalez gozatzeko aukera izanen da.
Natalia Rekarte Donamariako alkatea, Josean Martin musikaria eta Eugenio Tamayo izan dira ortzirale eguerdian Donamariako jauregian egindako aurkezpenean. Natalia Rekarte Donamariako alkateak aipatu duenez, jaialdiari dorreak dituzten eskualdeko bertze herrietan segida ematea da asmoa eta dagoeneko solastua dute Lesaka, Irurita edo Elizondoko dorreen jabeekin. Rekartek eskerrak eman nahi izan dizkie Jauregiko jabe diren Mari Carmen eta Maria Angeles Peralta ahizpei, Jauregiko jabeei, «hain ongi zaintzeagatik eta horrelako ekitaldietarako uzteagatik».
Egitarau oparoa
Musika lehen lerroan egonen da jaialdi honetan, bi proiektu paregabe eta original ikusteko eta aditzeko izanen baita Donamarian.
Alde batetik Dignity Road (Duintasunaren bidea) proiektua, Gani Mirzo musikari kurdu ezagunak zuzendua. Oraingoan Fran Lasuen eta Josean Martin musikariekin batera arituko da. Urriaren 1ean, ortziralean 20:00etan eskainiko dute Donamariako Jauregian. Topaketa solidarioa izanen da, Kurdistango musikak entzuteko aukera emanen duena eta Armonías para después de la guerra dokumentalaren proiekzioa ere eginen dute. Emanaldirako sarrera online eros daiteke, 10 euroren truke, eta bildutako diru guztia Kurdistango Mirzo Music Fundaziora bideratuko da.
Bertzetik, Ordago proiektua, Mielotxin taldeak sortua, Nafarroako jotan oinarritutako musika eta dantza ikuskizuna. Urriaren 2an, larunbatean 20:00etan Donamariako frontoiak eskainiko dute. Mielotxin taldea Iñigo Agerri, Ismael Yagüe, Pablo Castanera eta Salva Tarazonak osatzen dute eta beraiekin batera Noelia Compais jota-kantaria eta Saioa Askargorta, Leire Leza, Oihane San Martin eta Alix Artola dantzariak ariko dira. Emanaldirako sarrera online eros daiteke, 10 euroren truke, eta bildutako diru guztia Kurdistango Mirzo Music Fundaziora bideratuko da.
Egitaraua osatzeko, iraileko asteburu guztietan bezala, Fernando Lesagibel artistaren eskultura erakusketa ikusgai izanen da urriko lehenbizikoan ere Donamariako Gazteluaren lehenengo solairuan. Urriaren 3an, igande eguerdian, Jauregira bisita gidatua ere antolatu dute.